‘Garena’, Nataliren lehen diskoa

natali

Natali Izagirrek (ahotsa) eta Ixak Arrutik (gitarra) 2017an abiatutako taldea Garena lana aurkezten dabil. Bikoteak abesti bilduma osatu eta Iparrorratzik gabe kantua kaleratu zuen 2018ko otsailean; gero, Gorka Mendizabalekin (bateria), Andres Insuarekin (baxua) eta Olaia Inziarterekin (teklatua) osatu zuten taldea. Hortik dator taldearen esentzia eklektikoa: entzulea gozotik garratzerako bidaian murgiltzen dute, alaitasuna, tristura, maitasuna eta gorrotoa kontrajarrita. Hori guztia hainbat estilo jorratuz: pop goxoa, rock gogorra, funky dantzagarria edota countrya. Garate Studioetan grabatu dute diskoa, Kaki Arkarazo teknikari eta produktore lanetan jarrita, eta hainbat kolaborazio izan dituzte: Juantxo Arakama, Hitzak kantan; Luken Arkarazo eta Andoni Garcia Matxain, Maita zaitez zu kantuan; eta Kaki Arkarazo bera, Zerbait aldatzera doa abestian. Besteak beste, Kobetamendin izango dira uztailean, eta Sopela Kosta Festen irailean.


kobetaBERRI TXARRAK LAGUNARTEAN euskal kulturaren jaialdi erraldoian, uztailaren 14an, ia 70 sortzaile bilduko dira, Bilboko Kobetamendin. Arratsaldez egongo dira Trakamatraka musika eta birziklapen tailerra; zirkua eta musika, Erraia emanaldiarekin; Ez da kasualitatea bertso saio musikatua; Zo-Zongo taldearen Kolpez blai ikuskizuna; eta Ertza konpainiaren Meeting Point dantza ikuskizuna. Ahotseneak kudeatuko dituen bi agertokietan, berriz, 8 talderen 30 minutuko kontzertuak eskainiko dira: Diabolo Kiwi, Iont, Patx & Run, Huts, Dukka, Natali, Atzapar eta Larra Bideak. Gero, 21:00etan hasiko da kontzertua nagusia, gonbidatu hauekin: Anari, Iñaki Matxet, Broken Brothers Brass Band, Facu Díaz, Jurgi Ekiza, Ricky Falkner, Aitor Gorosabel, Iseo, Toni Mejías, Aritz Mendieta, Karlos Osinaga Txap, Martí Perarnau IV, Aiora Renteria, David Ruiz, Nerea Urbizu eta Enrique Villarreal El Drogas.

deusezSHERPAK
Deus Ez
Autoekoizpena, 2019

Talde gipuzkoarrak 2017an grabatu zuen energiaz betetako lehen diskoarekin irabazi zuen Amurriock lehiaketa, eta Katapulta zirkuiturako aukeratua izan zen. Iaz, berriz, zuzenekoetan oinarritu zen gero eta gehiago sendotzeko, aldi berean abesti berriak sortzen zituen bitartean, doinu rockero eta sakonagoekin. Lan horren emaitza da disko hau, Iruñeko Drum Groove Studion grabatua, hiru taldekideek batera joz. Hamar abestiz osatutako disko berri honetan, sustrai melodikoei eutsi diete, baina soinu indartsuagoa, helduagoa eta nortasun handiagokoa lortu dute.

 

 

ostoOSTO ETA ALE
Jon Ostolaza & Alejandro Irizar
Gaztelupeko Hotsak, 2019

Grabaketa berezi honetan, Alejandro Irizarrek dultzainarekin eta Jon Ostolazak soinu txikiarekin proposatzen duten konbinazioa ez da batere ohikoa. Duela 40 urteko gazteek Itziarren sortutako txaranga dago disko honen sorreran. Txankarta soinu jotzailearekin batera, dunbala, txapak, turutak, danborra, panderoa eta abar jotzen zituzten kaleak alaitzeko, eta bertan ziren Alejandro eta Jon ere. Lehenak dunbala utzi eta dultzaina hartuta, eta bien arteko elkar ulertze ona sumatuta, bikote moduan jarraitzea erabaki zuten. Urte hauetan errepertorio zabala osatu dute.