Basa

basaMiren Amuriza Plaza
Elkar, 2019

Aspaldion, ezein liburu azalek ez dit eragin honen moduko iradokizun garbirik: ez da izango atsegina, ez da amaituko ondo, eta basatia izango da, izenburuak berak dioen moduan. Bada, ez du, ez, engainatzen azaleko argazkiak, halakoxea baita barruko istorioa.
Ez baita atsegina baserriko bizimodua (ez, ziur baino ziurrago, kalekumeok irudikatzen dugun modukoa), sakrifizioan, eguneroko gogorrean, txakur jatorraz haragoko animaliengan eta eguraldiari etengabe begira egon behar horretan gozamena topatzen duten horietakoa izan ezean.
Basatia baita inolako maitasunik erakusten ez dizun ama baten ondoan haztea, helduaroan enbarazu besterik ez diozula egiten sentiaraztea hark, aldean inoiz ez duenaz etengabe galdetu bitartean.
Sekula ez baitira ondo amaitzen tentsioz, gatazkaz, tristuraz eta inkomunikazio iraganezinez beteriko harremanak, non garrantzi handiagoa ematen zaien kanpokoen zeresanei maite zaituztenen sentimenduei baino.
Bereziki, familiakoak badira, eta are gehiago Euskal Herri “zaharrean” batzuk eta Euskal Herri “berrian” besteak bizi direnek osatzen badute familia hori. Kasu honetan, Sabina ugazabandre zorrotzaren familia: koinatu elbarria, alaba saiatua, seme antsikabea, alaba mamua, biloba pinpirina… eta, besteak beste, Tyson delako bat.
Usoa Alberdi Fernandez