Begi hartatik, hezur hauek

mirenagur

Duela sei urte argitaratu zuen Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat (Susa) izeneko nobela. Bada, kaleratu berri duen Hezurren erretura (Susa) narrazio bilduma haren segida izan ez arren, bien artean nolabaiteko diptikoa eratzen dutela aitortu du idazleak. Nahiz eta narrazioak banaka eta lotu barik irakurri ahal izan, emakume bera da lekeitiarraren azken lana osatzen duten hogeita bat ipuinetako protagonista, hainbat garaitan kokatua: herenegun umea zena, neska nerabea izan zen atzo, eta helduaro betean da orain. Horrenbestez, onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak; badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez; ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maitasunari; ez du galdu ironiaren ufada; eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada. Liburu honekin, Meabek idatziz erre ditu, hein batean, bizitzan pilatutako hezurrak, hau da, iraganaren pisua, bizitza osoan hartutako zorrak, akatsak eta ondo eginak...


irigoienDERBIA du izenburu Joan Mari Irigoienek Elkar argitaletxearekin kaleratu duen umorezko eleberriak. Futbolaren munduan girotuta egon arren, protagonistak ez dira ez futbolariak ez entrenatzaileak, baizik eta futbolzaleak: hiri eta plaza berean bizi diren Realaren aldeko bikote bat eta Athleticen aldeko beste bat, txakurra eta katua bezala konpontzen direnak, elkarri bizkar emanez eta muzin eginez, zein baino zein itsuago eta sutsuago. Abiapuntu horrekin, kontakizun jostalaria eraiki du egileak, gai serioei eta asmo transzendenteei ihes egiten dien satira lotsagabea, gure gizarteko joera makur batzuk irrigarri uzteko eta irakurleari barre algara eginarazteko asmoz. Aukera polita uda garaian futbolaren falta sumatzen duten zaleentzat...

piztiakPIZTIAK
Aritz Mutiozabal
Maiatz, 2019

Mutiozabalek helduentzat idatziriko lehendabiziko narrazio lana sei kontakizunez osatua dator. Nolabaiteko desorekak bultzatuta, liburu honetako pertsonaiek beren instintu primarioenak askatuko dituzte. Pertsonaia itxuraz arruntak dira, baina arruntasun horren barruan bada zerbait beraien onetik aterako dituena, beraien baitan daramaten piztia askatuko duena. Nahiz eta kontakizunak oro har fikzio hutsak izan, tarteka autofikziora jo duela aitortu du egileak.

atzerrianATZERRIAN
Nerea Balda 
Pamiela, 2019

Eleberri labur honetako protagonistak, Londonen bizi den emakume euskaldun gazteak, bizitza osoa eman du gogor lanean itzultzaile-interprete izateko asmoz, baina xedea lortutakoan, hutsik eta ilusiorik gabe, bizi larriminak harrapatu du. Krisialditik atera nahian, obsesio bilakatuko zaion bide okerra hartu du. Hainbat ahots narratiboren bitartez eraikitako nobela hau ilusioez, distantziaren gazi-gozoez, adierazi ezinaz eta adiskidetasunaz mintzo da.