5G sareen ifrentzua

Iritsi da, azkenean. Hego Euskal Herrian, behintzat, telefonia enpresa bat hasia da haririk gabeko 5G konexioa eskaintzen. Oraingoz, oso modu murriztuan: hiriburuetan soilik, hiruzpalau telefono modelo garestitan soilik, bere bezeroentzat baino ez. Baina lehen hazia ereinda dago, eta, ez izan zalantzarik, 5G sareak inguruan hedatzen hasiko zaizkigu, pixkanaka; konturatu orduko, munduko gauzarik normalena izango da.
Asko hitz egin eta idatzi da, azken asteotan, 5G sareen gainean. Gehienbat, haren abantailak nabarmentzeko: Internet mugikorraren belaunaldi berri honek biderkatu egingo du konexioen abiadura (oraingoa baino 100 aldiz azkarragoa izango da, antza), eta, batzuek diotenez, etxeetako hari bidezko konexioen etorkizuna kolokan jar lezake; energia gutxiago kontsumituko du; eta erantzun denborak ere asko murriztuko dira. Horrek guztiak aukera izugarriak zabalduko ditu “gauzen Internet” delakoa hedatzeko, inguratzen gaituzten objektu guztiak etengabe Internetera konektatu eta haien artean informazioa trukatzeko. Esan “Kaixo” auto konektatuei, hiri adimendunei, bideokonferentzia bidezko ebakuntzei…
Sarri goraipatzen ari dira, egunotan, 5G teknologiaren abantailak… baina argazki osoa izateko, komeni da ifrentzuari ere erreparatzea: askoz gailu gehiago konektatuko dira sarera, eta askoz ere informazio gehiago trukatuko dute haien artean, gaur egun baino. Ezkorrenen esanetan, horrek aurrerapauso erraldoia ekarriko du Internet bihurtu den zaintza masiborako tresnaren garapenean: elkarrekin eta inguruko gailuekin etengabe konektatutako kamerak nonahi, egiten dugunari (eta ez dugunari) etengabe so, informazio sorta erraldoiak elkarrekin gurutzatzen… Gehitu horri adimen artifizialen garapena, datu sorta erraldoi horiei ahalik eta atarramenturik handiena atera ahal izateko, eta panorama latza dugu aurrerantzean. Hori bai, egundoko konexio abiadurarekin!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/5Gbideo
5G teknologiaren gaineko jakingarriak, Berria egunkariko ‘Ekonominutua’ saileko bideo labur-laburrean.

https://labur.eus/5G-luze
Artikulu garatuagoa, Berrian bertan ere, sare berriari buruzko jakingarriekin.

https://labur.eus/5G-ETB
Albiste laburra ETBn, non 5G sarearen alde onak nabarmentzen diren.