EAEko toponimo ofizialak sarean ikusgai

toponimia

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 81.248 toponimo ofizial eta lehenetsiei buruzko informazioa jaso eta erabiltzaileen eskura ipini ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografikoan. Toponimo bakoitzak bere fitxa du, non bere erabilerari eta bilakaerari buruzko informazioa dagoen. Hala, bilaketa egin ostean, ezagut daitezke izen ofizialak, lehenetsiak eta aldaerak, dokumentazio historikoa, ahoskeraren gaineko aholkuak (idatziz zein entzungaietan), eta geolokalizazioa. Gainera, oharrak, kontsultak eta iradokizunak egiteko aukera eskaintzen die erabiltzaileei. EAEko Izendegi Geografikoa www.euskadi.eus gunean dago erabilgai. Aurrerantzean, eta datu gehiago jaso ahala, izendegia osatu egingo dute.


euspotIRATI AGIRREAZKUENAGAREN eta Jabi Juberaren Gorputza ON, buruari ON spotak irabazi du 2019ko Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa. Euskarazko sormena bultzatzea du helburu lehiaketak, eta, aurten, jarduera fisikoaren onurak ziren landu beharreko gaia. Jasotako 98 lanen artean, Agirreazkuenagaren eta Juberaren lanak lortu du sari nagusia. Publikoaren saria, berriz, Andoni Martinez de Madinaren, Julen de la Sernaren, Ieneko Ruiz de Azuaren eta Ibai Lopezen Nahi baduzu, ahal duzu spotak eskuratu du. Lan saritu gehiago ere izan dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena Mari Garciaren, Maider Donosoren eta Aitzol Zubizarretaren Piztu bizitza-ri eman diote; eta Bhklip saria, 14 eta 18 urte bitartekoek egindakoei ematen zaiena, Oihan Loiti Iraolaren Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi! spotari. Azkenik, musika sinkronizaziorik onena saritzen duen Music Library saria Leire Lezetak, Garazi Iglesiasek eta Malen Juradok erdietsi dute, Irabazi ezazu partida! lanarengatik. Spot guztiak euspot.eus gunean paratu dituzte.

 

 

LABURREAN

tappTTAP aldizkari digital multimediak edizio berria du: Nafarroakoa. Iazko udan jaio zen Ttap, Bizkaiko eta Gipuzkoako edizio bana astero argitaratuta. Maiatzaren amaieratik, Nafarroak ere badu berea, hamabostean behin sareratzen dena. Euskalerria Irratia, Anboto, Baleike eta Goiena hedabideen eta Tokikom toki komunikabideen bateragunearen ekimenez sortua, doan eskura daiteke Android zein iOS sistema darabilten gailu mugikorretan, Ttap aplikazioa instalatuta.


deoABIAN DA 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Donostiako Tabakaleran egoitza duen proiektua, eta dagoeneko hasi da lehen emaitzak ematen: irailean estreinatuko dute 2deoren babesarekin garaturiko Pikua websaila. Maddi Castro kazetariak idatzi eta zuzendua, pornoa egin nahi duten hiru neskari buruzkoa da, pornoaren kontsumoa emakumeen ikuspuntutik eta umorez landua. Amaia Ruiz de Galarreta, Miren Nogales eta Ainhoa Artetxe ditu protagonista nagusi hamar minutuko hiru kapituluz osatutako websailak.