El Danubio

olasagarreJuanjo Olasagarre

Badira irakurri ondoren pila mental batean ala bestean paratzen ditugun liburuak. Nahiz eta gustatu, erabat ahanztekoak direla dakigun liburuak, nobelak asko eta asko; gaiztoa izanik, Espainiako Trantsizio garaiko nobelak. Rosa Montero, Soledad Puertolas, Antonio Muñoz Molina eta horrelakoak, ospe handia izan, baina funsgabeko nobelak idatzi dituzten autoreak.
Badira, jakina, gustatu ez zaizkigun liburuak: batzuk lagunek utzitakoak, beste batzuk liburu dendan berrien sailean azal-hegalak irakurri ondoren erosiak, asko neke handiz (irakurle militantziagatik) bukaerara arte garraiatuak; gu-txiago, erdira iritsi orduko gustatu ez zaizkigunez, handik aurrerakoa nekeza ebatzi ondoren mesanotxean betiko gelditu direnak. Badira, asko eta asko, irakurri beharrekoen zerrendan: batzuk badakigu aurretik ere irakurriko ez ditugula, eta beste batzuk, agian, pilatxoan daude. Badira, azkenik, berrirakurtzekoen sailean pilatutakoak; okasioaren zain daude batzuk, Denbora galduaren bila, esaterako, urte sabatikorik ezean erretiro garairako apalategian zain.
Horietako bat El Danubio da. Claudio Magrisen nobela bidaia liburu-saioa boladan izan zen argitaratu zenean, 1998an, hain zuzen. Beti izan dut berrirakurtzeko gogoa, txunditurik utzi ninduelako autorearen jakintzak, paisaiak eta hiriak deskribatzeko abileziak, eta, garai hartan, mugen kontrako aldarriak.
Behin baino gehiagotan Proust izan nahi izan dudan moduan (askotan harritu egiten nau nire inuzentekeriak), El Danubio bukatu nuenean Claudio Magris izan nahi nuen. Liburuak, edozeini gomendatzen diot, Danubio ibaiaren sorburutik bukaerara arteko bidaia kontatzen du, pasalekuak, historia, literatura, bizimodua eta folklorea ere deskribatuz. Esan bezala, ez da nobela, baina nobela zoragarriak bezala irakurtzen da.
Gaur hasiko dut. Danubio ibaiaren ertzez gain, lehen aldiz irakurri nuen garai hura gogoratuko dut, 1998. urte hura. Baina, batez ere, interesgarria izango da ikustea bertan dauden erreferentzietatik (historiako uneak, idazleak, musikariak, politikariak) zein egiten zaidan ezaguna orain. Gauza gehiago dakizkit orain; jakintsuagoa izatea, ordea, beste kontu bat da.