Gaurko txapeldunak, bihar ere halaxe

reala

Handia egin du Realak iragan maiatzaren 11n Espainiako Kopa irabazita. Granadan (Espainia) jokaturiko finalean, Atletico Madril faboritoari 1-2 gailendu zitzaizkion Gonzalo Arkonadaren jokalariak, eta, hala, poz eztanda izugarria eragin zuten Realeko jarraitzaileen artean. Izan ere, 30 urte joan dira Realak txapelketa bat irabazi zuenetik. Balentriak tamaina bereko erantzuna izan du, ez bakarrik txuri-urdinen artean, baita euskal zaleen artean ere, Kopa eskuratu osteko egunetan taldeak jasotako harrera eta omenaldi jendetsuetan ikusi ahal izan genuen moduan. Merezitako txaloak eta lausenguak, are gehiago jakinda emakumezko futbolariak zer-nolako baldintzatan aritzen diren: profesional izateko arazoak, futbola bestelako lanbideekin uztartu beharra, soldata duinak lortzeko nahikoa lan... Gizonek ez bezala, haiek dirutza jasotzen dute eta. Egunotako goraipamenak benetako urrats bilakatzea falta da orain, emakumezko futbolaren aldeko neurriak garatuta. Bestela, garaipen handia izan dena txiki geratzeko arriskua baitago, orain arteko hitz goxoak hitz hutsal bilakatzekoa, alegia.