Tanzania

kilimanjaroKilimanjarora, teleferikoan?

Afrikako tontorrik altuena da Kilimanjaro mendia. Izen bereko parke nazionalean dago, eta urtero milaka lagunek zapaltzen dute 5.895 metroko garaiera duen sumendia. Gutxi gorabehera,  50.000 pertsona igotzen dira bertara urtean. Bada, kopuru hori dezente haz daiteke, Tanzaniako Gobernuak aurreikusitako egitasmoa gauzatuz gero: Kilimanjarora igotzeko teleferikoa eraiki nahi du. Hala, atzerriko inbertsoreen bila hasi da. Egitasmoak kontrako iritziak piztu ditu herrialdean. Gobernuaren ustez, bisitari kopurua handitu egingo da: aurreikuspenen arabera, bikoiztu egingo litzateke kopurua, eta horrek onura ekonomikoa ekarriko lieke inguruko herritarrei. Alta, kontrakoa diote Kilimanjaro inguruan bizi diren herritarrek. Izan ere, gaur egun, oinez igotzen direnek inguruko herritar asko kontratatu behar izaten dituzte zamaketari, gidari edota sukaldari lanean aritzeko. Teleferikoa balego, ordea, mendizale eta turistek ez lukete haien beharrik. Horregatik, egitasmoaren aurka agertu da Tanzaniako zamaketariak biltzen dituen elkartea. Gainera, bisitariak ugaritzeak ingurumenean ondorio kaltegarriak izango dituela ere salatu dute. Hain zuzen, TANAPA Tanzaniako Parke Nazionalen Agintaritza egitasmoa aztertzen ari da, ingurumenean eta inguruko herrietan izan ditzakeen ondorioak neurtzeko.