Nafarroa

laxoaLaxoa jokoa, Kultur Intereseko Ondasun

Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun Immaterial izendatu berri du laxoa jokoa, Laxoa Elkartearen eskaera onartuta. Euskal pilotan bizirik jarraitzen duen modalitaterik zaharrenetzat jotzen da joko hau, eta, egun, Nafarroako Baztan eta Malerreka eskualdeetan baino ez da jokatzen. Zuzeneko jokoa da, plaza librean jokatzen dena. Launa pilotariz osatutako bi talde aritzen dira aurrez aurre, berariazko larruzko eskularruz baliatuta. XIX. mendearen bukaerara arte, euskal pilota joko nagusia izan zen. Orduan, modalitate gehiago sortzeaz batera, gainbehera izan zuen. “Laxoa jokoa ondasun bereziki garrantzitsua da, berezia delako eta urte luzez iraun duelako; izan ere, pilota modalitate hau komunitate barneko transmisioaren adierazpen bizia da, bertan errotua” azaldu du Nafarroako Gobernuak izendapenaren harira. Laxoaren bestelako berezitasunak ere nabarmendu dituzte, hala nola baliatzen dituzten eremuak (egun, herrietako plazak, eta, askotan, elizen elementuak: atariak, paretak...) eta tresneria, edota komunitateen identitatea indartzeko duen balioa. Baina, era berean, bizirik irauteko zailtasun handiak dituela ohartarazi dute izendapena onartzean.