Ingurumena

animaliakMilioi bat espezie desagertzeko arriskuan dira

Munduko bioaniztasuna gero eta azkarrago ari da galtzen; ondorioz, gizakion eta gure ondorengoen etorkizuna arriskuan dago. IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak bioaniztasunaren gainean egindako txosten batek egin du ohartarazpena. NBE Nazio Batuen Erakundeak bilduta, 50 bat herrialdetako 145 aditu hiru urtez aritu dira lanean, eta taldeak datu esanguratsuak jaso ditu: gaur egun, zortzi milioi animalia eta landare espezie daude munduan, eta horietatik milioi bat hamarkada gutxian desager daitezke. Gehiago ere esan dute: 1500. urtetik, 680 espezie ornodun desagertu dira; jatorrizko habitat eta ekosistema ugari galdu egin dira, eta horrek espezie asko desagertzea ekarri du berekin. Txostenak jaso duenez, Lurreko ekosistemen % 75 modu esanguratsuan eraldatuta daude. Guztien artean, itsasoetako ekosistemek jasan dituzte kalte gehien. Ekosistemen aldaketa, Lurreko baliabideen gehiegizko ustiapena, klima aldaketa... hainbat dira bioaniztasunaren galeraren arrazoiak. Beti, baina, gizakia da erantzule nagusia. Hori dela eta, egoera aldatzeko neurrien beharra azpimarratu dute txostenaren egileek, eta horretarako agenda politikoetan leku garrantzitsuagoa eman behar zaiola gaiari. Izan ere, ez da soilik ingurumen kontua, baizik eta ekonomiarekin, garapenarekin eta balio sozial eta moralekin loturiko arazoa.