Feminismoa

saldaEuskal Herriko V. Jardunaldi Feministak azaroan egingo dituzte

Azaroan egingo badira ere, dagoeneko martxan dira Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatuta, Durangon izango dira, azaroaren 1etik 3ra. Jardunaldien helburua izango da mugimenduaren baitako adostasunak berrestea eta gehiago eraikitzea, baita datozen urteotarako estrategia zehaztea ere. Garazi Goinetxea Diez mugimenduaren eledunetako batek azaldu duenez, “neofaxismoaren, matxismoaren eta arrazismoaren aurrerakadaren kontra dugun estrategia kolektibo askoz ere finduago eta sendoagoarekin atera nahi dugu jardunaldietatik”. Salda badago lelopean egingo dituzte, adierazteko Euskal Herriko Mugimendu Feministan osagai eta lehengai asko daudela, "denbora luzez su motelean kozinatuak”. Orain, jardunaldietako egitaraua prestatzen ari dira. Hala, hitzaldi, tailer eta mahai inguruen gaineko proposamenak jasotzeko prozedura hasiko dute datozen hilotan.