AEBak


cemeHilotzak, ongarritarako

2020tik aurrera, gorpuekin konposta egin ahal izango dute Washingtoneko estatuan. Hango gobernadore Jay Insleek sinatu berri duen legeari esker, halakorik onartu duen AEBetako lehen estatua da Washington. Hala, Recompose enpresak baimena izango du hilotzak konpost bihurtzeko, giza konpost, alegia. Gorpuen deskonposizioa azkartzeko prozesu bat garatu du Recompose enpresak. Horri esker, hilabete eskasean gorpuzkiak konpost bilakatuko dituzte. Hildakoak lurperatzea edo erraustea dira gaur egun gehien erabiltzen diren prozedurak. Haatik, ohiko bideekin alderatuta, ingurumenerako onuragarriagoa dela nabarmendu dute enpresaren arduradunek: lurperatuek ez bezala, hilotzok ez dute lekurik beteko, eta osagai kimikoak ez dituzte lurrera iragaziko; gainera, eguratsera ez da karbono dioxidorik askatuko, erraustean gertatu ohi den moduan. Teknika honen bitartez, gorpu bakoitzetik 0,76 metro kubiko lur aberats sortuko lukete. Gainera, prezioari dagokionez, lur ematea baino merkeagoa izango omen da: AEBetan, lurperatze arrunten batez besteko prezioa 7.000 bat dolarrekoa izaten da; hilotzak ongarri bilakatzeak, berriz, 5.500 dolar inguru balioko du, batez beste. Sistemak abantaila asko dituela dirudi, eta hil ostean gure planeta honi mesede egiteko aukera eskaintzen digu gizakioi. Dena dela, badaezpada, hobe ahalik eta beranduen probatzea, ezta?