Ikastolak

Armentia ikastola, Araba Euskaraz ospatzeko gertu

Ekainaren 16an egingo da, Gasteizen, 2019ko Araba Euskaraz, Arabako ikastolen aldeko jaia. Armentia ikastolak antolatu du jaia, bere 25. urteurrenean, eta hitzordu nagusia ekainaren 16koa izango bada ere, dagoeneko hilak daramatza ekitaldiak antolatzen: ikuskizunak, film emanaldiak... Eskarmentua badu, gainera, 2006an hark antolatu baitzuen Araba Euskaraz. Gertu leloa izango du aurtengoak. Armentia ikastolaren lehendakari Liher Larreak jaiaren aurkezpenean azaldu zuenez, aurtengo xedea da “Gertu egotea. Gasteizko jendearengandik eta eragileengandik gertu, hiria euskalduntzeko gertu, Arabako herrietatik gertu, euskalgintzatik gertu, berdintasunerako gertu, emateko gertu, eta finean zoriontsu izateko gertu. Horixe izango da gure ikastolaren helburua etorkizunari begira”. Egunak emango duena nahiz Arabako ikastolei laguntzeko moduak ezagutzeko, www.arabaeuskaraz.eus gunera jo daiteke.