LGTBI kolektiboa

harroHarro! plataforma sortu dute

Euskal Herriko LGTBI mugimenduko hamar kolektibok eta beste zenbait militantek Harro! Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataforma eratu dute. “Bizi dugun kapitalismo aseezin honek” LGTBI mugimendua instrumentalizatzen duela ohartarazi dute plataformaren bultzatzaileek, eta “progresismo plantak eginez” eredu “baztertzaile, elitista eta kapitalista” sustatzen duela. Horren adibide, Bilbao Pride ekitaldia eta gayfriendly turismo eredua jarri dituzte. Era berean, azkenaldian kapitalismoa faxismorako “lur ongarritua” izaten ari dela ere salatu dute. Egoera horiei guztiei “aurre egiteko” asmoz sortu dute plataforma: “Esparru politiko koherente bezain kritikoak sortzeko eta, elkarren artean sostengatuz nahiz koordinatuz, erantzun material bat emateko beharretik sortu da Harro!”. Zehazki, talde hauek osatu dute plataforma: EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri taldea. Aurkezpen ekitaldia ekainaren 15ean egingo dute, Donostiako Urgull mendiko Guardetxean.