Indonesia

jakartaHiriburua lekuz aldatu nahi dute

Jakarta hiriak Indonesiako hiriburua izateari utz diezaioke. Asmo hori azaldu du Indonesiako presidente Joko Widodok, apirilean hauteskunde orokorrak irabazi ostean. Indonesiako zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Borneo uharteko Palangkaraya hirira aldatuko lukete hiriburua. Lehenago ere asmo bera agertu izan du Widodok, hots, Indonesiako hiriburutza Jakartatik herrialdeko ekialdeko beste uharte batera eramatea. Milaka irlaz osatutako artxipelagoa da Indonesia, eta Jakarta nagusian dago, Javan, hain zuzen. Lekua aldatuta, Indonesiako gainerako lurraldeen garapena indartu nahi du Widodok. Izan ere, Java uharteak du garapenik handiena. Nolanahi ere, egiturazko beste zenbait arrazoi ere badaude asmo horren atzean. Batetik, zirkulazioa arazo iturri handia da: 10 milioi biztanle ditu hiriak (inguruko hiriak kontuan hartuta, 30 milioi inguru), eta zirkulazio arazoek galera ekonomiko handiak eragiten dituzte. Bestetik, Jakarta hondoratzen ari da. Eremu zingiratsuan eraikia, hiriaren % 40 itsas mailatik behera dago. Gainera, hiriaren lur azpiko urak neurririk gabe baliatzen dituzte. Horren guztiaren ondorioz, azkar ari dira hondoratzen zenbait eremu. Esaterako, Jakartako iparraldeak 2,5 metro egin du behera 10 urtean. Widodok ez du askorik zehaztu, baina hiriburuaren lekualdaketa 10 urtean gauza daitekeela aipatu dute Indonesiako Gobernuko kideek.