Korrika istorioek badituzte saridunak

AEK-k 21. Korrikaren karietara antolaturiko Neure Korrika istorioa lehiaketak baditu irabazleak. A aukeran, argazkia eta Korrika istorioa uztartzekoan, Xabi Zabala Sagasta Debagoieneko AEK euskaltegiko ikaslea izan da garailea. B aukeran, ostera, argazkirik gabean, Hendaiako AEK-ko ikasle Aña Daguerre urruñarra nagusitu da. Biek Korrika material sorta jasoko dute opari. Jarraian, bi istorio irabazleak dituzue. Zorionak eta eskerrik asko biei, baita lehiaketan parte hartu duzuen guztiei ere!

Gure mintzaira bizirik da

Nire Korrika berezia 2017an pasatu nuen eta ni nintzen lekuko eramailea. Niretzat Euskal Herriaren ikurra hartzea ohore handia zen. Gure kilometroa Ibardineko bidean kokatzen zen, Azkaineko tartean, patar gogor batean.
Egun berean bi iloba etorri ziren nire etxerat oporrak pasatzera. Bi ahizpak gazteak ziren, hamabortz eta hamahiru urtekoak. Euskal Herria ez zuten ezagutzen. Gonbidatu nituen Korrikan parte hartzera.
Egun hartan aroa izugarri txarra zen. Gure txanda gaueko hamaiketan pasatzen zen. Hitzordu lekura iritsi ginenean, ez zen inor, hotza eta euria bakarrik. Nire baitara zalantzak heltzen zitzaizkidan. Ez nintzen leku onean? Busti-bustiak itxaroten ari ginen eta nire nerabeak marmarrean hasi ziren: “Etxera nahi dugu berriz joan...”.
Azkenean leloak entzun genituen gureganat etortzen. Emozioarekin hartu nuen lekukoa, gain-gainean altxatuz “tipi-tapa” patarra igo genuen. Niretzat erritmoa fitegia zen, orduan emekiago egin nuen, baina bozgorailuan entzun nuen “Lekukoa aitzinean”, eta berriz azeleratu nuen. Ezin nuen gehiago, pentsatzen nuen nire azken momentuak bizi nituela. Lekukoa pasatu nuen eta ilobek lasterka segitu zuten. Korrika pasatu ondoren nire ilobei buruz kezkatzen hasi nintzen. Non aurkitu behar nituen? Autoz bilatzea erabaki nuen. Denbora pasatu eta azkenean elizako arkupe azpian aurkitu nituen, dardaraz zeuden, bat negarrez, bertzea dantzan. Galdetu nionean zergatik negar egiten zuen, “denek euskaraz mintzatzen zirelakotz” esan zidan. “Orduan gure hizkuntza salbu da!” erantzun nion. Milesker, Korrika!

Aña Daguerre

Bizipoza

lehiaketaDakigun euskara aberasteko eta indartzeko asmoz, Debagoieneko AEK euskaltegian gaude nire aita eta ni. Korrika goizeko lauretan indartsu sartu zen Arrasatera, eta euskaraz bizi nahi dugula inoiz baino ozenago aldarrikatu genuen. Ohorea izan zen, Arrasateko kaleetatik zehar gure irakasle Titorekin batera lekukoa eramatea. 2019ko apirilaren 14a betiko gelditu da gure bihotzean. Eskerrik asko, Korrika!!!

Xabi Zabala Sagasta