'Igogailua', intrigazko istorioa AEKn

igogailuaIgogailua podcast bidezko fikziozko saila maiatzaren 22an hasi zen emititzen AEKren webgunean (www.aek.eus) eta sare sozialetan, Hiru Damatxo ideia faktoriak eta AEK-k ekoitzita. Ekainaren 12an amaituko da bost kapitulutan eskainiko den istorioa. Bigarren atala maiatzaren 29an argitaratu zen; eta hurrengoak ekainaren 4an, 6an eta 12an jarriko dira entzungai. Lehenengo bi kapituluetan jakin dugunez, Ainhoa protagonista igogailutik irten ezinda geratu da fisioterapeutaren kontsultara joan denean. Larrialdietako txirrina jo duenean, baina, erantzun dion emakumeak baldintza xelebre samarra jarri dio erreskatatua izateko: Euskal Herriari eta euskarari buruzko hainbat galderari zuzen erantzutea. Lortuko ote du helburua? Noiz aterako ote da Ainhoa igogailutik? Ez galdu hurrengo kapituluak!