Oinarrizko eskubideen defentsan

Ongi etorri. Hori da Arteako Herriko Bentara heltzen denak entzuten duen lehen esamoldea. Toki horretan babesa, lasaitasuna, segurtasuna, konfiantza... eskaintzen zaizkio. Hiru urte pasatu dira Bizkaiko udalerri horrek bentako taberna, jatetxea eta ostatua kudeatzeko lizitazioa atera zuenetik. Hainbat lagunek, errefuxiatuentzat elkartasun gune bat sortzeko aukera ikusita, proiektua aurkeztu eta irabazi egin zuten. Harrezkero, sendotu egin da Artea Sarea. Beste nonbaiterako bidean diren pertsonak, asilo eskatzaileak-eta, aterpetzen dira Bentan: logela dute, komunarekin, eta jangelan egiten dituzte otorduak. Dagokien programan sartzen direnean, edo bertan geratzea erabakita etxe batera joaten direnean, gero etorriko direnentzat uzten dute lekua. Ondoko eraikin alokatuan bizi dira gelditzea erabaki dutenak. Horiek etxe modukoak dituzte, sukalde eta guzti. Inguruko herrietan ere badituzte etxebizitzak alokairuan, beste batzuk esleitu egin dizkiete, eta bankuen eta enpresen etxe okupatuak ere badituzte: “Beharrizanak dira, eta oinarrizko eskubideen defentsa lehenesten dugu Sarean” dio Olatz Talavera boluntarioak. Herritarren artean, berriz, arazorik sortzen ez dela ikusita eta hasierako mesfidantzak desagertuta, ohikoa bilakatu da plazan kolore guztietako pertsonak egotea: “Jatorri ezberdinetako umetxoak euskaraz entzutea da herrigintza, horiek izango baitira biharko euskaldunak”. M. Egimendi.

talavera“Ongi bizitzea sistemari aurre egiteko modua da guretzat”

Olatz Talavera (Urruña, 1987), “xumeen alde egitea aukeratuta”, boluntario dabil Arteako Bentan. Elkartasunak bultzatzen du, eta euskal identitateari eutsi nahiak: “Herri gisa eraikitzeko, beste modu batez osatu behar dugu gure identitatea: elkartasuna, feminismoa, arrazismoaren eta lukurreriaren aurka...”.

Egun, 125 lagun inguru bizi dira Artea Sarearen babesean. Gehienak familiak dira, bereziki zaurgarriak: “Zailago dute babesguneak topatzea. Aterpeetatik goizeko zortzietan irten behar dute, eta ezin dira iluntzera arte itzuli. Umeek kalean ematen dute eguna; hala, gizarte laguntzaileek haurra ken diezaiekete”. Hemen geratzea erabaki duten familien umeak eskolatzen dira, baina dokumentatuta ez daudenak edo denbora gutxirako etorriak ezin dituzte eskolan sartu. Ondorioz, “jarduerak eta eskulanak egiteko biltzen ditugu, begirale batekin, eta gurasoak zaintzarako txandakatzen dira”.
Sarea, hortaz, beharrizanen arabera antolatzen da: “Pateran iritsitako emakume gehienak bortxatuak izan direnez, ahalduntze saioak antolatzen dira haientzat, pixkanaka indar daitezen”. Edota bidaian laguntzen diete: “Oinarrizko Eskubideen Kartak dio pertsona orok duela munduan zehar aske ibiltzeko eskubidea; beraz, laguntzen diegu, ahal dugun neurrian, nahi duten lekura iristen, beren eskubideak errespeta daitezen”. Elkartasun sarea oso zabala da, autogestioan oinarritua. Horrela ari dira proiektuak sortzen: hainbat lantegi dute (haragitarakoa, ogi labea, gozogintzakoa, laster baratza...), eta, lansariak ordaindu ostean, etekinak proiektu berrietan inbertitzen dituzte.
“Afektuen katea” lantzen dute: “Oso inportantea da haiek eta guk konfiantza sentitzea. Ez dugu zertan lagunak izan, baina elkar errespetatuta, elkarri laguntzen eta elkar zaintzen bizi behar dugu, harreman horizontalak sortuz, paternalismotik at”. Eskaintzen diete lo lasai egiteko, ondo jateko eta plazan une goxoak pasatzeko lekua, izan ere, “ongi bizitzea sistemari aurre egiteko modua da guretzat. Hemen, aterpea eta jatekoa baino ez dute, baina batzuek urteak daramatzate bidaian, eta sarri gertatzen zaie iritsi eta gutxira gaixotzea”. Lasaitzen direnean ateratzen zaie dena: “Depresioa sarri ikusten dugu, espero ez zutena aurkitzen dutelako, edo kontatu zietenaren guztiz aurkakoa. Maiz uste dute hemen berehala topatuko dutela lana, baina legeak eskatzen die hiru urteko erroldatzea, aurrekari penalik ez izatea eta urtebeteko lan kontratua. Jan beharra dagoenean, nahiko surrealista da hiru urtez lanik egin ezinik eta deliturik egin gabe bizirik irautea”.
Bizikidetzari dagokionez, saiatzen dira leziorik ez ematen eta ereduak baliatzen: “Familia musulman bat iristen bada, kasu, etxeko lanak emakumeen esku uzten ohitua, senarrak ikusten badu beste gizonezkoek beren platerak jasotzen dituztela, berak ere egingo du azkenean. Guretzat feminismoa inportantea da, baina haiek gehiago harritzen dira hemen pobreok etxeko iturrian ura dugulako edo autoa, zaharra bada ere, denok dugulako. Pribilegiatu kontzientzia hartu eta gure kontsumo eredua murriztu behar dugu”.
Izan ere, “etortzen jarraituko dute” dio Talaverak, “eta guk erantzukizuna dugu horretan, gure kontsumo moldeek eragiten dituztelako gerrak, klima aldaketa... Hortaz, etorrera hori modu orekatuagoan kudeatu ezean, ghettoak sortuko dira, eta hurrengo belaunaldiak ez dira bertokoak sentituko. Guk Euskal Herria jende honekin eraiki nahi dugu. Beldurrak edo kezkak sor daitezke gure artean, baina gure eguneroko lana da DNAn daramagun arrazakeria lantzea, ager ez dadin. Gure identitatea etortzen direnekin batera eratuz hemengoak izaten jarrai dezakegu. Haien beharra dugu, baina elkarren aurka jarri nahi gaituzte, sistemak langileak oso baldintza xumeetan aritzea behar baitu”.
Gauzarik txikiena laguntza handia izan daitekeela dio Talaverak: “Jendeak diru truk erroldatzen ditu etxean kanpotik etorritako pertsonak; merkatu beltza dago hor. Guk musu truk egitera animatu nahi dugu jendea, erroldatuta egotea ezinbestekoa baita umeak eskolara eramateko, medikuarenera joateko edota paperak lortzeko. Pertsona bati bizitza aldatu ahal dion detaile txiki-txiki bat baino ez da”.

bentakoak

Marta Chuc

(Totonicapan, Guatemala, 1989)
Ia bi urte daramatza Martak Arteako Bentan: 2016ko azaroan atera zen etxetik. Komunitate indigenetako emakumeak ahalduntzen jarduten zuen hango erakunde batean, brodatzen, josten eta ehuntzen irakasten zien bitartean, baina lan barik geratu zen. Bikotekidearengandik ere garai berean banandu zen. Azkenean, aita hil ondoren familiari geratu zitzaion zorra ordaindu nahiak bultzatu zuen Europara, AEBetatik kanporatu berri zuten nebarekin batera. Hemen lana aurkitzea erraza zela esan zieten, zorra hil gutxian ordaindu ahal izango zutela.
Benetako errealitate petrala ezagutzeaz batera jakin zuen Martak haurdun zegoela; ondorioz, lanik gabe geratu zen. Nebaren lanari esker alokairuan hartuta zuten gelatik ere umea jaio zenean bota zituzten. Ezagun batzuen bidez egin zuten topo Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin, eta horrela heldu ziren hirurak Arteara, Abigail txikia jaio berritan: “Umea Guatemalara bidaltzeko asmoa nuen, baina hemen ezer eskatu gabe babestu gintuzten. Herriko jendeak ere familiakoak bagina bezala hartu gintuen”. Bizimodua ateratzeko tresna ere jarri zioten eskura: Martak brodatu tailer bat dauka Artean, bigarren eskuko arropa saltzen du bertan, eta konponketak ere egiten ditu. Neba ere lanean ari da, eta emaztea eta semea ekarri ditu Guatemalatik.
Urtarrilean beteko dituzte hiru urte erroldatuta, eta orduan erabaki beharko dute geratzeko izapideak egiten hasi ala ez. Martak zalantza du: hemen aukera gehiago ikusten du alabarentzat, “osasungintza eta hezkuntza askoz ere hobeak dira”, baina ezin du ahaztu Guatemalan dauzkala ama eta senideak. Bitartean, euskara ikasten ari da: “Euskara garrantzitsua da hemen. Ez dakit beste leku batzuetan gertatuko den, baina hemengo jendeak gurekin partekatu nahi izan du bere hizkuntza, eta aukera eman digu ikasteko, elkarrekin hitz egiteko. Gainera, eskertu egiten dute gu euskaraz ahalegintzea. Guretzat aukera handia da, eta gu ere garrantzitsu egiten gaitu”.

Zakaria El Morabet

(Castillejos, Maroko, 1997)

Hemezortzi urterekin atera zen etxetik, eta ia bi daramatza Artean. Donostian zituen lagunek esaten zioten jende ona zegoela han. Ceutatik Algecirasera itsasontziz heldu zen, eta handik autobusez zuzenean Donostiara: “Iritsi nintzen, baina lagunek ez zuten etxerik, gela batzuetan zeuden, eta hilabete pasatu behar izan nuen kalean bizitzen”. Lagun baten bitartez heldu zen Arteara: “Hasieran, bakarrik nengoen, eta konplikatu samarra iruditu zitzaidan dena, baina Mikelek eta Maluk, eta herriko jendeak, asko lagundu didate, eskerrak haiei! Bentakoek aterpea eman zidaten, eta poliki-poliki lanean hasi nintzen bertan, sukaldean laguntzen, zerbitzari tabernan eta afariak zerbitzatzen. Orain, nire lan ordutegia hamabietatik bostetara eta zazpietatik bederatzietara da”.
Zakaria euskara ikasten ari da, astean hiru orduz: “Hasieran, zail samarra ematen du, baina pixkanaka... ikasteko gogoa edukiz gero, azkenean ikasten da. Horrela ikasi nuen gaztelania ere”. Duela hiruzpalau hilabete lortu zituen paperak, “eta eskuratu bezain pronto joango naiz familia bisitatzera. Ia lau urte dira ikusten ez ditudala, eta izugarri nabaritzen dut sendikoen falta”.
Etorkizunari begira, ikasi egin nahi du, “gero lanean hasteko. Umeekin begirale ibili izan naiz, eta adineko jendeari laguntzea gustatzen zait; hil zen, baina aitonari neuk laguntzen nion Marokon. Zerbitzari lana ere oso gogoko dut”. Herriko jendearekin ondo moldatzen da, “leku lasaia da, eta ez dago arazorik”; neska-laguna ere egin du bertan, Palestinako neska bat. Ez omen du jarrera arrazista edo xenofoborik pairatu: “Hori bai, Donostian kalean eman nuen hilabete hartan, polizia alde egiteko esanez etortzen zitzaidan, eta baten bat saiatu zen sakelakoa lapurtzen ere, baina besterik ez”.

Jatta Baldeh

(Busumbala, Gambia, 1988)

Duela bi urte atera zen etxetik, eta urtebete darama Jattak Artean. Madrilera heldu zen aurrena, hegazkinez, Dakarretik. Han 20 egun igaro ostean, Bilbora iritsi zen. Gurutze Gorrian eskatu zuen asiloa, eta haren babesean egon zen sei hilabetez, baina programa amaitutakoan kalean geratu zen. Sarea ezagutzen zuen lagun batek ekarri zuen Arteara. Oso pozik dago bertan: “Jende ona dut inguruan, familiarekin bezala bizi naiz, eta ez daukat arazorik”. Etxeko martxan laguntzen du, hainbat eginbehar eginez.
Umetan ez zen eskolara joan, familia txirokoa zelako, “baina orain lehen baino gauza gehiago dakit, eta apur bat irakur eta idatz dezaket euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez”. Familia Gambian du: “Aita fula zen; ama, berriz, mandinga. Fula hitz egiten nuen txikitan; mandinga geroago ikasi nuen, amaren familiaren etxera joanda. Kalean, berriz, wolof hitz egiten da, baita yola eta sarahule ere”. Oso atsegin du euskara ikastea, horregatik gustatzen zaizkio bereziki astelehenak, eskola eguna delako: “Euskaraz bakarrik hitz egingo dut ikasten dudanean, oraingoz ezin dut. Une oro ari naiz ikasten, herriko adineko gizonezkoak kolegak ditut. Badakite gaztelaniaz, baina nirekin euskaraz baino ez dute egiten”.
Oraindik ez du paperik lortu; urtebete falta zaio, gutxienez, baina Gambian dituen zortzi eta hamar urteko bi alabak ekarri nahi ditu Euskal Herrira: “Hau da lekurik onena haientzat, neu ere ondo nagoelako hemen”. Herriko jendeak ondo hartu omen du: “Hemen errespetua da lehenengo gauza, azalaren kolorea eta erlijioa kontuan hartu gabe. Hemen ez da inor agurtu barik sartzen, eta hori izugarri gustatzen zait, Gambian ere horrela delako. Denek agurtzen naute, eta ez nagoenean, nigatik galdetzen dute".
Ikusi ditu jarrera arrazista eta xenofoboak, baina dena ezin ei da perfektua izan: “Denetariko jendea dago. Batzuek zigarro bat ukatzen dizute; beste batzuek, aldiz, laguntza eskaintzen dizute, trukean ezer eskatu gabe”.