Don, euskal txapela daraman cowboya

 don

Euskaldunak eta AEBak gogora ekarriz gero, Idaho datorkigu aurrena burura, dudarik gabe. Izan ere, ezaguna eta nabarmena da AEBetako mendebaldeko estatu horretan bizi den euskal komunitatea. Haatik, Bakersfield-ekoa (Kalifornia) ere ez da makala. Idahokoarekin baditu aldeak, batez ere jatorriari dagokionez: Bakersfieldera joandako asko Ipar Euskal Herrikoak ziren, eta Idahora, ostera, bizkaitarrak joan ziren gehiago. Pablo Gomez eta Lacey Bonacci. Argazkiak: Biok Studio.

Onartu behar dut txikitatik piztu izan didatela jakin-mina AEBek. Zinema, musika eta komikiak ziren nire erreferentzia nagusiak. Alabaina, ezinezkoa da hainbeste estatuk osaturiko herrialdea halako ideiekin sinplifikatzea, hots, fast food-arekin, rock&rollarekin, pop artearekin, superheroiekin, zinemako izarren moduko agintari xelebreekin edota handiki egolatrekin.
New York, San Frantzisko eta Las Vegas bisitatzean, aldez aurretik ere ezagunak egingo zaizkigu, zinemak edota bidaia aldizkariek erreferentzia ugari zabaldu izan dituztelako hiri horiei buruz. Guk zortea aldeko izan dugu, hango herritarrekin hitz eginez bertatik bertara ezagutu ahal izan ditugulako toki famatu horiek (Lacey Bonacciri, bere autoari eta ingelesez hitz egiteko eman digun laguntzari esker izan ez balitz, hori guztiori ezinezkoa izango zitzaigun).
Bakersfielden (Kern konderria, Kalifornia) geldialdia egiteko aukera oso erakargarria zen, batik bat jakinda bertan dagoela munduko euskal hotel/jatetxerik zaharrena: Noriega Hotel Restaurant, Faustino Noriegak eta Fernando Etcheverryk 1893an irekia. Egia esan, jatetxe inguruak ez zuen bertan geratzeko gogorik pizten. Baina Las Vegasen led argien betekada izan ostean, beharrezkoa genuen errealitatearen zaplaztekoa: AEBetako beste errealitatearena, eta ez denok gure iruditerian dugun horrena.
Arratsaldeko lehen ordua unerik egokiena izan ez arren, zortea lagun izan genuen. Hala, Martin umoarekin hitz egin ahal izan genuen, gozo. Sortzez Donibane Garazikoa (bere hazpegiak hala erakusten zuen), soinean zeraman koadrozko alkandora klasiko baino klasikoagoak egundoko kontrastea egiten zuen buruan jantzitako Denver Broncos futbol amerikarreko taldearen txapelarekin. AEBetara 60ko hamarraldian iritsi izanagatik, berdin-berdin eusten dio bere euskalkiari. Ez du gustuko argazkietan ateratzea, baina bai AEBetan daramatzan 50 urte pasatxo hauetan bizi izan dituenak kontatzea: azienda eta sukaldea izan ditu bizibide, bai eta euskal tradizioekiko loturari eusteko modu ere. Erretiroa hartua du, eta jatetxeko egungo sukaldaria, Don Douglas, aurkezteko gogoa azaldu digu, Martin ere sukaldari ibili baitzen Noriegan. Behin Douglas aurkeztuta, aurrean duen freskagarria hustu, eta agurtu egin gaitu, bostekoa sendo emanez eta “agur” esanez.
Bihotz “euskalduna
Douglas sukaldaria hizketan hasi zaigu. “Gipuzkoarra al zara?” galdetu du harrituta. Begi urdin handiek eta iraganean horaila izandako ile urdinduak erakusten duten moduan, Douglas iparramerikarra da, Bakersfield bertakoa. Gurasoak ere kaliforniarrak ditu. Elkarrizketa osoan, hasierako irribarreari eutsi dio. 
Grabagailua martxan jarri ostean, Euskal Herriarekin duen maitasun istorioa kontatzen hasi zaigu, ingelesezko hitzak tartekaturik gaztelania txukunean. Ezin izan zuen euskara ikasi, nahiz eta hainbat esamolde ezagutu. Hain zuzen ere, horixe argitu digu aurrena, barkamena eskatzeaz batera.
Euskal kulturari horren lotuta sentitzeko lehen zergatia maitasuna da; bereziki, aitaginarreba ohiak eragin ziona: duela gutxi zendua, euskalduna zen, artzaina Bakersfielden. Txera handiz oroitzen du, eta bihotza euskalduna izatea hari egozten dio Douglasek.
UCLA Kaliforniako Unibertsitatean hiru urtez sukaldaritza ikasi ostean, eta lanik aurkitzen ez zuenez, Douglasek Burlatara (Nafarroa) jo zuen 1997an, orduan aitaginarreba zuenak animatuta.
Don edo “Miguel”
“Lau urte zoragarri igaro nituen Nafarroan, bizitzen eta neure burua prestatzen”. Zalantzarik ez, zorionez gogoratzen du bere bizitzako sasoi hura. Almandoz, Elizondo, Belate mendateko Venta San Blas... Nafarroako hainbat lekutan ibili zen Douglas (Miguel esaten zioten, Don hitzarekin nahasterik ez sortzeko), eta bertan trebatu zen euskal sukaldaritza tradizionalean. Trebatu ez ezik, gozatu ere egin zuen: bakailaoa, esneko arkumea (egurretan su geldoan eztiz egindakoa, nabarmendu duenez), perretxikoak, onddoak eta legatza izugarri atsegin ditu. Atsekabez dio, adibidez, AEBetako mendebaldean ezin dela legatzik topatu.
Gastronomiaz gain, euskal kirolak ere interesatzen zaizkio. Horri buruz ari dela eman digu lehen ezustekoa: “Historiako pilotaririk onenak, Julian Retegik, sinaturiko pilota bat dut”. Apalategi batean dauka, metakrilatozko estalki batek babestua, euskarri eta guzti. “Harribitxia da. Txapelketa bat irabazi ostean sinatu eta eskaini zidan. Izugarri gustuko dut euskal pilota. Burlatan bizi nintzelarik, pilotan jokatzen ikasi nuen, eta ahal beste partida ikusten nituen”.
Lipar batean, eta Las Vegasen sarritan aritzen den David Copperfield ilusionista ezaguna balitz bezala, Osasuna futbol taldearen elastiko bat atera du. Futbola da Douglasen pasioetako beste bat. Gela batean gordetzen ditu euskal motibo horiek guztiak, beste hainbatekin batera: Nafarroako mapa handi bat, liburuak, lauburuak dituzten apaingarriak... Horien alboan, halaber, oso bestelako objektuak ditu, AEBetako kulturari erabat lotuak, hala nola futbol amerikarreko izarrek sinaturiko kaskoak edota birlak.
Jatetxeak ez ziren izan Miguel edo Donen eskola bakarrak. Amengandik ikastea gustuko du, haien etxeetan ikastea. Esaterako, haiei esker ikasi zuen txantxigorria prestatzen, legatzaz batera bere jaki kutunetakoa. Era berean, ilusioz gogoratzen du Pedro Subijanarekin topo egin eta haren ezagutzei jarraitzeko aukera izan zuenekoa, Akelarre jatetxe ospetsuan lan egin ez zuen arren. “Nire ustez, beste zortzi, hamabi edo urte gehiagoan gera nintekeen ikasten. Euskal sukaldaritza zoragarria da, eta aurtengo udan itzuli nahi dut alaba nerabearekin, sanferminak bertatik bertara ezagutu nahi dituelako. Badakizu nola duen izena? Amaia” bota digu, harro.
Amaiari buruz hizketan aritu gara. Hiriko euskal komunitatean modu aktiboan parte hartzen omen du, batez ere euskal dantza taldean eta Bakersfieldeko Basque Club delakoan.
Sukaldea pasio
Hain justu, Amaigatik utzi zuen sukaldari lana AEBetara itzuli zenean: alaba jaio zenean, hura behar bezala zaintzeko eta hari ahalik eta denbora gehien eskaintzeko, kirol denda bateko arduradun hasi zen beharrean, ordutegi egokiagoak izatearren.
2014an hasi zen Noriega Hotel Restaurant-en, alaba koskortu zenean. Ordura arte pilaturiko ezagutzak garatzeko leku aproposa zen hura. Halere, AEBetara itzuli eta Noriegan sukaldari hasi bitartean ere Douglasek ez zuen loturarik galdu euskal kultura eta sukaldaritzarekin: 2001ean Bakersfieldera itzuli zenetik, senide eta lagunentzat kozinatu ohi du etxean, baita Bakersfieldeko Basque Clubek asteburuetan antolatzen dituen ekitaldietan ere. Gainera, oraindik ere badu harremana Nafarroako lagunekin.
Gaur egun, Douglas zoriontsua da Noriegan, bere pasioa garatzeko aukera duelako, jatetxeko bezeroak asebetetzen. “Hona jatera ez dira soilik euskaldunak etortzen, ohikoa da cowboyek euskal sukaldaritza dastatzea. Oso gustuko dute” dio harrotasunez Donek. Gogoko du egiten duena, eta nabari zaio: hizketan ari garen bitartean, etengabe doa sukaldera, bezeroak baitira lehentasuna. Dudarik gabe, maite du bere lana.
Ideia bat omen du buruan bueltaka: egunen batean, euskal jatetxe bat eduki nahiko luke, jaki tradizionalak eskaintzeko, “Miguelek” Euskal Herrian ikasteko aukera izan zuen sukaldaritza mota hori, alegia. Balizko jatetxearen izena? Zalantzarik ez du: Amaia.
Agurtzeko unea gertu dago. Douglasek badu nahikoa zeregin, eta argazki gehiago ateratzeko atseginez eta patxadaz paratu ostean, laguntasun handiz agurtu gaitu, bere irribarre izukaitzaz eta “eskerrik asko!” primeran ahoskatuz.
Jada autoa martxan dudala, eta atzerako ispilutik Noriega Hotel Restaurant urrutiratzen ikusi bitartean, Don berriro ikusiko dudala sentitu dut, eta ziurrenik sukaldean duen arteaz gozatzeko parada izango dudala. Amaia izeneko jatetxe batean, beharbada? Oso litekeena.