Urrutiko pilotak hamahiru

boccia

Sei gorri, sei urdin eta zuri bat. Pilota jokoa da boccia izenekoa. Euskal Herrian hainbat zale ditu; Bizkaikoak, esaterako, Erandioko kiroldegian batzen dira astero. Aniztasun funtzionala dute kirolari horiek. Lagunartean ondo pasatzeaz batera, batzuek landu eta indartu egiten dituzte gorputz adarrak, eta oro har, denek hobetzen dute arreta. Jokora gerturatuta, partidak harrapatu egiten du ikuslea bera ere. Bola zuria bistatik ez galtzea da kontua, eta urrunera jaurtitzea. Maider del Olmo.

Antzinara eta mundu zabalera jo behar da bocciaren jatorriaz aritzeko. Batzuek kristo aurreko II. mendekoa dela diote. Bada sorlekua Egipton kokatzen duenik ere. Edozelan, gauza jakina da pilota jokoak zeinahi zibilizaziotan eta lurretan izan direla, eta eskuak erabili direla gehienetan. Boccia kirolean, halaber, horrela egiten dituzte jaurtiketak batzuek; besteek, aldiz, hanka edo malda erabiltzen dute botatzeko. Azken horiek eskuetan mugikortasunik ez dutenez, bestela jokatzen dute, ondoan laguntzailea dutela.
Paralinpiar jokoa da 1984. urteaz geroztik. Lau mailatan banatzen dira kirolariak, bakoitzaren aniztasun funzionala kontuan hartuta: BC1, BC2, BC3 eta BC4 dira kategoriak. Mailaren arabera, desberdin egingo dute jaurtiketa. Hala, laguntzaileaz baliatzen da zenbait eskuan pilota atxiki ahal izateko, askatu aurretik. Era berean, laguntzailearen beste lan bat malda jartzea da, jokalariak adierazi dion norabidean, berak jaurtiketa egiteko.
Denera, 13 bola izaten dituzte. Bikote bakoitzak seina, gorriak ala urdinak. Lehenengo jokalariak zuria bota behar du hasiera emateko partidari. Jarraian helburua honakoa izango da: zuritik ahalik eta gertuen uztea norberarena. Denbora jakin bat dute jaurtiketarako. Emakumeak eta gizonak batera aritzen dira. Banaka, binaka edo hirunaka joka daiteke, beti eserita. 
Bizkaiko jokalariek erabiltzen dituzten bolak larruzkoak dira, eskuetarako gozoagoak beste material batzuk baino. Berton ez da horrelako pilotarik egiten. Hori dela eta, Koreatik ekartzen dituzte, garesti. Kutxa bakoitza (13 bola) 750 euro inguru ordaintzen dute. Deia luzatu dute, halabeharrez: “Hemen esku pilotarako egiten dira, zergatik ez bocciarako?”.
Hainbat talde
Bizkaiko bi taldeez gain, (Fekoor eta Aita Menni), beste hauek ere badaude Euskal Herrian: Nafarroako eta Arabako Aspace eta Gipuzkoako beste bi: Kemen eta Dortoka. Elkarren berri badute ere, ez dute harreman handirik batzuek eta besteek; txapelketaren batean ez bada, ez dute elkar ikusten. Jokalarietako askok beste pertsona baten laguntza behar dute edonora joateko. Bitartekoak ez dira beti nahiko lituzketenak, nabarmendu dutenez.
“Zailtasunak zailtasun, lagunartean ondo pasatzeko jarduera da guretzat. On egiten digu elkartzeak, besteekin egoteak eta kirola egiteak”, adierazi du Bizkaiko taldeko arduradunetako batek. Bocciaren onuren artean daude ondokoak: gorputz adarrak nahiz soina indartzea, arreta hobetzea eta emozioak lantzea. Horretan laguntzaileek zeresan handia dute. Jokalari eta laguntzaile batzuek aspaldidanik ezagutzen dute elkar. Modu horretan, gauzak erraztu egiten dira. Kirol pistan komunikazioa garrantzitsua da laguntzaileen eta jokalarien artean.

Iñaki Mentxaka eta Carlos Loizaga, urrearen inbidiarik gabe

Bizkaiko boccia taldeko koordinatzaileak dira, eta kirolariak. BC4 mailan jokatzen dute. Bola jaurtitzeko laguntzailerik behar ez dutenen kategoria da, oro har. Bikotea dira kirolean Iñaki Mentxaka eta Carlos Loizaga, Fekoorreko kideak. Bizkaiko zilarrezko bikoa esan daiteke, euren garaipen zerrendan bigarren lekua gailentzen denez, hainbat txapelketaren ostean. Nolanahi, lehenengoak bailiran, pozik da Loizaga, bilbotar petoa: “Ez dugu itxaropena galtzen”, erantsi du urrea lortzeari buruz.
Duela bizpahiru urte hasi zen boccian Bilbokoa. Bere ondokoak, Iñaki Mentxaka erandioarrak, ibilbide luzeagoa du: “Orain dela 13 urte hasi nintzen ni. Garai hartan, bi eskuekin atxikitzen eta jaurtitzen nuen pilota. Gero, bakarrarekin egiten ikasi nuen”. Asko praktikatu du urteotan, eta badaki, esaterako, nola oztopatu aurkariaren jokoa lehian direnean, puntu gehiago eskuratzeko besteak baino: “Jokalari bakoitzak bere estrategiak ditu”.
Hil honen amaieran dute txapelketa biek: Espainiako Kopa. Horra begira, honezkero izango dute estrategia doituta; izan ere, trebatzeko, denbora asko igarotzen dute elkarrekin Erandioko Altzaga kiroldegian. Bocciarako prestatuta dagoen kiroldegia da, Euskal Herrian ez dira horrelako asko. Kirol pistan ikus daitezke berariaz marraztutako lerro zuriak.
Bestalde, nola esaten da euskaraz boccia? Loizagari balekoa iruditzen zaio botxia izena. Euskaltzaindiari gustatuko ote zaio, baina? Ez daki zer esan. Entrenamendu saioetan, tarteka, euskaraz aritzen dira bi jokalariak, umorea lagun. Mentxaka ikasten ari da AEKn, hasiera mailan. “Euskeraz berba egiten deutsat”, esan du bere lagun Loizagak. Antza, dena ulertzen du besteak, beti “bai, bai” erantzuten dio eta, arrazoia emanda.
Denera, jokalari eta laguntzaile, hogei lagunetik gora dira Bizkaian. Hala eta guztiz ere, boluntarioen beharra azpimarratu dute koordinatzaileek. Izena emateko, telefono zenbaki hau utzi dute Bizkairako: 94 40517 80.