Arrain saltsa, antzerki errezeta

limbo

Udaberri honetan, ez da faltako umorez zipriztindutako hitzordurik, Pez Limbori esker. Urtaro honekin batera loratu da antzerki talde gasteiztarraren ikuskizunen agenda. Saltsa badago eta! Izan ere, estreinaldiak, agurtzeko birak eta egitasmo berriak dakartza konpainiak, oraingo honetan euskaraz ere bai. Errezeta ezin hobea antzerkiaz gozatzeko. Josune Velez de Mendizabal.

Umorea ardatz, giza harremanei begiratzen die Pez Limbo antzerki taldeak azken bederatzi urtean taularatu dituen antzezlan guztietan. Horren haritik dator Koxkak, Gasteizko konpainiaren azken estreinaldia (maiatzaren 15ean), pieza laburrez osatutako puzzlea. Honela azaldu digu Edu Hernando taldearen sortzaileak: "Urteetako ibilbidea izan duten hiru antzezlan labur dira Koxkak izenpean jaso ditugunak. Oso harrera ona izan dute, eta orain euskaraz egin nahi izan ditugu". Boxers, Oilo ama eta Tripaki salda dira hiru lan horiek. 
Tripaki salda, hain zuzen ere, Pez Limbo taldearen lehendabiziko antzezlana izan zen, 2011n; 600 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte. "Harakina eta bezeroa ditu protagonista. Krisi garaian sortu genuenez, bi pertsonaien arteko harremanak badu nolabait ‘murrizketekin’ zerikusia" dio barrez Hernandok. Antzeztokia ere berezia izan zuen lan honen aurreneko emanaldiak, non eta Abasto Plazan. "Gure obrak gertukoak dira, konplizeak, trikimailurik gabeak; horregatik ere, antzerkia edozein tokitara eramaten dugu,” dio aktoreak. “Tripaki salda merkatu batean sortu zen, baina ondoren gure antzezlanak txokoetan, eskoletan, etxeetan, tabernetan, yoga aretoetan, elizetan... ere eskaini izan ditugu, baita kartzelan ere, Segoviakoan, hain zuzen".
Formula bera darabil Oxido ikuskizunak: pieza laburrak, gertukoak, giza harremanetan oinarrituak, eta umoretsuak, bai, baina garratzak. "Herdoildutako harremanak dira. Adibidez, gizon bat birgizarteratze zentro batean dago, zer eta jarrera baikorregia duelako" azaldu du Hernandok. Oxido osatzen duten hiru lan laburretatik Homo Amabilis da aktoreak aipatu duena. Beste biak Madame B eta Margarita Molotov dira. Oxido, urte eta erdiko ibilbidean, Euskal Herriko leku gehienetan egon da, eta 50 bat aldiz eskaini da orain arte. Hurrengo emanaldia Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldian izango da, Gasteizen, ekainaren 9an.
Errealitateari so
Koxkak, Oxido eta Miss Karaoke lana, zeinak bi urteko bira duela gutxi amaitu duen, euskaraz ekoitzita daude. Pez Limbo taldearen erronka berria da. "Giza harremanei eta errealitateari begiratzen diegun heinean, ezin dugu ahaztu hemen gizartearen zati handi bat euskaraz bizi dela" diosku Raul Camino aktoreak. Duela hamar urte Valladolidetik Gasteiza etorria, bertan ezagutu zituen Begoña Martin eta Edu Hernando, eta Pez Limbo osatu zuten. "2010eko Gasteizko Antzerki Jaialdiari hasiera emateko, Sleepwalk Collective eta Kolectivo Monstrenkorekin batera bidaia emozionala proposatu genuen Bestiario Urbano izenpean," gogora ekarri du Caminok. "Euskaltegian hasi nintzen, eta orain antzezlanak euskaraz egiteko erronkari heldu diot" nabarmendu du Valladolideko aktoreak.
Publiko zabalagoa
Antzerkia publikoari gerturatzea da Pez Limboren helburuetako bat. Horretarako, ohiko antzerkiak izan ohi dituen elitismoa eta distantzia baztertu nahi ditu, dela ezohiko tokietan, dela publikoarengandik metro gutxira antzeztuz. Horrela, antzezleen eta ikusleen arteko harremana are biziagoa da. Hala izaten da urtero Gabonetan antolatzen duten 150gr jaialdian ere. Gasteizko Zaldiaran-Gorbeiako merkatua agertoki, hustutako postuetan pieza laburrak antzezten dira. Iaz, 1.500 ikusle pasatu ziren bertatik. Pozez eta, aldi berean, harriduraz dio hori Herrandok.
Alabaina, Pez Limbo taldeak badu kezka handi bat: zein harreman du publiko gazteak antzerkiarekin? Gazteak joaten al dira antzokietara? Bada, horixe bultzatzeko, azken bi urtean Pixkat izeneko bitartekaritza proiektuan murgilduta dago. "Antzezlan laburrak, hogei bat minutukoak, ikastetxeetara eramaten ditugu. Antzeztu eta gero eztabaidarako tartea izaten dugu,” azaldu du Edu Hernandok. “Literatura irakasgairako orduetan izan ohi dira antzezlanak. Antzerkia bera ez ezik, gogoetarako aukera ere eramaten diegu ikastetxera". Arte eszenikoen garrantzia nabarmendu beharra dago gazteen artean, Hernandoren ustetan. Horregatik iritsi nahi du Pez Limbok 16 eta 20 urte bitarteko ikasleengana. "Jakinarazi nahi diegu arte eszenikoetan ere lanbidea egon badagoela, haiek ere ikas dezaketela, antzerkia dibertigarria dela, ikasi edo gozatu egin dezaketela. Edota aukera dutela gure ikuskizunaren gainean dituzten zalantzak, kezkak edota hausnarketak partekatzeko" dio. Publiko gaztea etorkizuna da, beraz.
Hain zuzen, etorkizunari lotuta dator Pez Limbok ekoitziko duen hurrengo egitasmoa: Harri Orri Har (El patio de mi casa, gaztelaniazko bertsioan), Maria Goiricelayak idatzia. Gidoiak 2018ko Antzerkigintza Berrien Deialdia irabazi zuen, eta 2020ko otsailean taularatuko da lehenengoz, Gasteizen. Ondoren, bira egingo dute Euskal Herrian zehar.