“Sutan jartzen naute superjakiek!”

uriarte

Gabriela Uriarte (Donostia, 1989) Giza Nutrizioan eta Dietetikan graduatua da, eta gehiegizko pisuan eta obesitatean aditua. Bere kontsultan lan egiteaz gain, ETB2ko A bocados sukaldaritza eta nutrizio saioa aurkezten du, Ander Gonzalezekin batera. Sin dieta para siempre (dieta barik betiko) liburua kaleratu berri du. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Gabriela Uriarte modan dago?
Ez dakit modan dagoen, baina oso eskertuta dago edukitzen ari den aukera guztiengatik pasio duenari buruzko dibulgazioa egiteko, alegia, elikadura, jateko ohitura onak eta gaixotasunen prebentzioa. Hori guztia liburuaren, telebistaren, kontsultaren eta sare sozialen bidez.
Desinformazioa nabari duzulako idatzi duzu liburua?
Desinformazioa egunero ikusten dut. Liburuak aukera eman dit bitarteko eraginkorrak erakusteko, nire ikuskera azaltzeko. Bizitza osoan dietan egon arren, badaude gehiegizko pisua izaten jarraitzen duten pertsonak. Beraz, dietak askotan ez dira izaten eraginkorrak. Metodologia aldatu beharra da liburuaren tesia: dieta egitea baino, jaten ikastea da gakoa. Horretarako jarraibideak eta tresnak ematen ditu liburuak, norberak hobekien egokitzen zaion moduan egin dezan. Ohitura hartzea da kontua, bizitza osoan jarraitu ahal izateko.
Jarraituko du A bocados saioak datorren denboraldian?
Auskalo! Hori ez da sekula jakiten azken egunera arte! Oso harrera ona izan du, kalean ikusten dugu jendeak asko maite gaituela, eta etxe askotan sartu gara. Udan bukatuko da, eta espero dut irailean berriro hastea.
Zergatik dute horrenbesteko arrakasta sukaldaritza saioek?
Sukaldaritza gure kulturaren parte delako, geure burua islatuta ikusten dugu. Mundu guztia ibiltzen da sukaldean, eta mundu guztiak daki zerbait, gehiago edo gutxiago, elikadurari eta nutrizioari buruz. Edo saioa interesatzen zaio, txorakeria galantak botatzen ditugula esateko besterik ez bada ere. Euskal Herrian, gustuko dugu kozinatzea, jatea eta kozinatzen ikustea. Gure kulturaren zati handi bat horretan oinarritzen da.
Gero eta gehiago kezkatzen gaitu ondo jateak?
Kezkatuta baino, kontzientziatuago gaude, ikusi dugulako ez ginela ari uste genuen bezain ondo. Estatistiken arabera, Espainiako estatuan ez gaude aurrenak gehiegizko pisuaren eta obesitatearen zerrendetan, baina tasa handiak betidanik izan dituzten herrialdeetara hurbiltzen ari gara, eta horrek zer pentsatua eman digu. Duela 15 urte, inork ez zekien existitzen ginenik ere, baina orain gogo handigoa dago esaten duguna entzuteko.
Zergatik dago hemen ere gero eta obesitate handiagoa?
Sustraietatik urruntzen ari garelako. Alderatzen badugu gaur egun jaten dugun lekale kopurua gure aitona-amonek jaten zutenarekin... Gure elikaduran oinarrizkoak izan dira, baina orain gehiago kontsumitzen ditugu elikagai eta produktu berriak, ultraprozesatuak. Bazkarian eta afarian, agian ez horrenbeste, baina bai gosarian. Hamaiketakoan eta askarian ere asko aldatzen ari dira gure ohiturak. Eta bizimodua! Orain, ia inork ez dauka lan aktiborik, gehienok egoten gara zortzi edo hamar ordu bulego batean jarrita, eta beste lauzpabost sofan etzanda. Koktel horrek eramaten gaitu obesitate kopuru gero eta handiagora.
Lodifobia eta loditasunaren aldeko aldarrikapena ere hor daude. Zeinek kezkatzen zaitu gehiago?
Urte askoan gorputz lirainak arautzat hartu izanaren ondorioz sortu da orain loditasunaren aldeko aldarrikapena. Normala da, ekintza bakoitzak erreakzioa eragiten duelako, baina publizitatea horretaz aprobetxatzen ari da, ustez "benetako" emakumeak diren modeloak erabiliz. Argal egonda osasun txarra eduki dezakezu, itxura fisikoak ez du osasuna islatzen. Obesoek ohitura txarrak izan ohi dituzte, baina ez guztiek, argalek bezainbeste. Hizpideak aldatu behar ditugu, ez dugu hitz egin behar horrenbeste gorputzei buruz; beti dira emakumeen gorputzak, gainera. Arreta beste gauza batzuetan jarri behar da; izan ere, iragarkietako gorputz “errealeko” emakume horiek badute gehiegizko pisua, baina, azken batean, gorputz normatiboak izaten jarraitzen dute. Nik gehiegizko pisua duten emakume askoren gorputzak ikusi ditut, eta gehienak ez dira horrelakoak. Modelo horiek ez dute barizerik, ez dute zelulitisik, titiak tente dituzte, aldaka zabalak bai, baina triparik ez... Asko dago hitz egiteko horren gainean, gai garrantzitsua da.
Zer nolako eragina dute sare sozialek?
Ikaragarria! Oso kontuan izan behar dugu zer eduki zabaltzen eta zer kontsumitzen dugun. Kontsultan, jaten ikasteaz eta dietaz gain, asko lantzen ditugu pertsonaren beste alderdi batzuk ere, sare sozialak tartean. Askotan animatzen ditugu pazienteak ez jarraitzera sare sozialetan gaizki sentiarazten dituzten pertsonaia ospetsuei. Izan ere, arazoaren parte bat da: etengabe gorputz mota bat ikusten eta diskurtso bera entzuten ari bazara, azkenean “normala” hori dela sinesten duzu. Horri dagokionez, ez naiz soilik neskato nerabeez ari, baita emakume helduez ere!
Noiz bihurtzen dira arazo soberako kiloak?
Pisuari baino, gantzari begiratu behar zaio batez ere, bai eta pertsonaren ezaugarriei ere. Jende gihartsuak beti pisatzen du gehiago, eta hori berezkoa da, iletsuagoa izatea bezala. Baskula leihotik behera bota behar da, ezertarako balio ez duen tortura tresna baita: baso bete ur edan ondoren, 300 gramo gehiago pisatzen duzu.
Mirarizko dieta kontuetan entzun duzun astakeriarik handiena?
Edari isotonikoan bustitako kotoia irenstea! Eta egin egiten da, hemen, gure artean! Begira zenbateraino joan zaigun burua! Ase egiten omen du, urdaila beteta daukazulako, baina digeritu ezin den zerbait irensten baduzu... imajinatu zer arazo izan daitezkeen kanporatu behar denean!
Gosaria da eguneko
otordurik inportanteena?
Ez! Besteak bezain garrantzitsua da, baina publizitaterako oso otordu interesgarria da, goizean elikagai jakin batzuk jan behar ditugula sinetsarazteko. Elikagai industriaren aldetik presio handia jasan duen otordua da, industria horrek jaki zehatz batzuk sartu nahi izan dizkigulako. Oso bitxia da: Interneteko bilatzailean “gosaria” jartzen baduzu, agertzen diren irudi guztiak oso antzekoak dira. “Afaria” idatziz gero, ordea, plater ezberdin asko agertzen dira. Hau da, aukera gutxi dago gosarirako. Gosaltzeko zerealak jan behar direla sinetsaraztea elikagai industriak sartu digun gola da, egundokoa! Beste gauza bat da ordu horretan dilistak jateko gogorik ez edukitzea, baina ahal... primeran jan ahal dira!
Non ezkutatzen dira, batez ere, jaki ultraprozesatuak?
Gosarian, okerren egiten dugun otordua da. Kafea eta gailetak gosaltzea baino hobe da ez gosaltzea, argi eta garbi. Ustez geure burua zaintzeko erosten ditugun ultraprozesatu horiek itxura osasungarriko kutxatan bildutako txerrikeriak dira. Gailetei zuntz pixka bat jarri dietenez, ematen du osasungarriak direla, baina osagaien artean irin eta azukre finduak dituzte.
Zergatik dira orain onak lehen txarrak ziren jaki batzuk?
Ikerketa zientifikoak denbora behar du aholku ziurrak emateko, baina askotan iritziak azkarregi eman izan dira, benetako ebidentziarik gabe, klik azkarraren eta izenburu deigarrien garaian bizi baikara. Orain, ikerketa askoz ere landuagoak daude, eta ñabardurak azaldu dira: badakigu gantz ase guztiak ez direla berdinak, adibidez, eta arrautzaren kolesterolak ez duela uste besteko eraginik gizakiongan.
Gauza bera gertatuko da ahuakatearekin?
Modan jarri da, bai. Beharbada, ez nuke hau esan beharko, baina sutan jartzen naute superjakiek! Orain, badirudi osasuntsu egoteko kinoa eta horrelakoak jan behar direla. Bai, zera! Ondo jateko, barazkiak, fruta, lekaleak... jan behar dira, betikoa, alegia, gure aitona-amonek jaten zutena! Goizeko irabiaki berde horietako batek ez ditu desegingo arratsaldeko patata frijituak.
Eskolan ikasi beharko genuke ondo jaten?
Bai! Tabakotik babesten ditugun bezala babestu beharko genituzke umeak ultraprozesatuetatik. Eskola askotan gauzak zuzentzen ari dira, baina askoz ere jarrera erradikalagoa eduki beharko genuke. Azken batean, gaurko umeak dira biharko helduak, eta helduaroan obesitate arazoak edukitzeko arrisku faktore handiena da txikitan obesitatea eduki izana. Hori, eta umetan lodi egon izanaren estigma. Garrantzitsua da egunero jaten dena zaintzea, eskolan eta etxean; umeak egun batean merendola badauka, edo amonak gozoki bat erosi nahi badio, ez dago arazorik. Baina egunerokoan beste ohitura batzuk hartu behar ditu. Askoz ere irmoago babestu beharko genuke umeen elikadura.
Dietética sin Patrocinadores elkarteko kidea zara...
Bai, dietetikaren arloarekin zerikusia duten profesionalen elkartea da, babeslerik gabea. Hau da, kongresuak elikagai industriaren babes barik egiten ditugu, ez dugu onartzen haren dirulaguntzarik. Gune seguru bat nahi dugu lasai asko hitz egiteko, hori ere badelako arazoa: Coca-Colaren moduko enpresa handiek dirutzaz babestutako nutrizio kongresuak. Zer esango duzu haien kontra, diruz lagundu zaituztenean? Dibulgazioa egiteko, garrantzitsua da ez egotea elikagai industriako jauntxoen interesek azpiratuta.

Kolkotik  
Ondo merezia da euskal gastronomiaren ospea?
Bai! Oso gustuko dut bidaiatzea, eta inon ez dut jan hemen bezala. Ez diot hemengoa naizelako...
Heroi bat?
Gurasoak, niretzat beti izan dira erreferentea.
Nora joan nahiko zenuke oporretan?
Japoniara joateko gogo handia daukat.
Irentsi ezin duzun jaki bat?
Zerbak ez zaizkit batere gustatzen.
Inoiz jan ez duzuna osasunerako oso txarra delako?
Plastikotan bildutako markako opiltxoak, telebistan iragartzen dituzten horiek.
Zer ez da inoiz falta zure hozkailuan?
Barazkiak.
Gehien gustatzen zaizun gosaria?
Ogi integral txigortua olioarekin eta plantxan egindako arrautzarekin. Edateko, ezin naiz bizi eta ezin dut hitz egin kaferik hartu gabe. Jasanezina naiz hartzen ez badut!
Zerk eragiten dizu barre?
Umore absurdoak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Banatzaileei atea zabaltzeak.
Eta amorrua?
Gezurrak, jendearen asmo onari etekina ateratzeak.
Beldurra?
Hurbilekoak galtzeak, etxeko zaharrenak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Dietistak eta nutrizionistak osasungintza publikoan sartu dira.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Medikua edo ile apaintzailea.
Larunbat gauerako planik onena?
Afaria eta berriketa luzea goizaldera arte, mundua konpontzeko!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Egunaren arabera, baina borrokalari bat lanerako gogoz.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Maite dudan jendearekin egon.
Zer moduz euskaraz?
Nahiko herdoildua daukat B ereduan ikasi nuena. Hitz egiteko lotsa galdu beharko nuke, horixe baita nekiena berreskuratzeko modu bakarra.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Geurea dugulako, oso maite ditut gure sustraiak eta kultura. Inon parekorik ez duen hizkuntza bat dugu opari. Ikasi, eta ahal den guztietan hitz egin beharko genuke.
Labur esanda, nolakoa da Gabriela Uriarte?
Oso gutxitan esaten dut ezetz, ausarta naiz, eta arriskatu egiten naiz. Horregatik nago telebistan, eta horregatik atera dut liburua.