Arte eszenikoen Eztena, eraberritua

eztena

Errenteriako Eztena arte eszenikoen jaialdia eraberritu egin dute, eta formatu erabat ezberdina izango du aurten. Hala, ekainean, Errenterian egingo diren hiru sormen laborategiekin osatuko dute jaialdiaren egitaraua, 21ean, 22an eta 23an, zehazki. Horietan guztietan, 25 sortzaile ariko dira lanean: 20 aktore eta 3 zuzendari edo gidari (Espe Lopez, Horman Poster kolektiboa eta Metrokoadroka sormen laborategia). Gero, laborategiek emandakoa ikusi ahal izango da jaialdian. Jaialdiak, Mikelazulo kultur elkarteak antolatuta, 11. edizioa du aurtengoa. Iaz aldatu zuten jaialdia: ordura arteko formatua agortuta zegoela iritzita, gala erraldoi baten parodia egin zuten. Emanaldiaren arrakastak gogoeta eragin zuen, eta, ondorioz, norabidea aldatu diote antolatzaileek. Nolanahi ere, jaialdiak bere oinarri ideologikoei eutsiko die: sortzaileen arteko harremanen sareak sendotzea; dramaturgia berriei edo taldeak antolatzeko moduei dagokienez, arriskatu egiten diren proiektu edo sortzaileen erakusleiho izatea; eta arte eszenikoen gaineko gogoeta gune kritikoa izatea. Jaialdiari buruzko informazioa www.eztena-laborategiak.info atarian jaso dute.


blackBERRITASUN handiekin dator 11. Animadeba, Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldia, bai izaeraren bai daten aldetik. Izan ere, orain artean Gabonetan egiten zen, baina aurten udaberri amaieran izango da estreinakoz, ekainaren 19tik 23ra, hain zuzen. Gainera, erakustaldia izateari utzi, eta nazioarteko jaialdi bilakatuko da. Guztira, hiru sail izango ditu jaialdiak: Sail Nagusia, Zuzendari Berriak EHU/UPV eta Panorama saila. Horietako bakoitzean, hamar lan eskainiko dituzte; Panorama sailaren kasuan, bost lan luze eta beste hainbeste film labur. Hain justu, sail horretan euskarazko zenbait lan ikusi ahal izango dira: Fermin Muguruzaren Black is Beltza, Eric Tostiren Terra Willy: Planeta ezezaguna eta Karsten Killerichen Alfonbra magikoa. Egitarau osoa www.animadeba.com atarian dago ikusgai.

LABURREAN

zinebileraZABALIK DA 42. Euskal Zine Bilerako lehiaketan lanak aurkezteko epea. Lekeition euskara hutsean egiten den zinema jaialdia azaroaren 23tik 30era izango da. Halere, dagoeneko badago izena ematea  lehiaketan, irailaren 30era arte. Iaz ezarritako berritasunei eutsita, aurten ere lehiaketa bateratua egingo dute. Hau da, ez dira bereiziko amateurren eta profesionalen lanak. Zuzendari, gidoi eta film onena sarituko dituzte, baita ikusleen iritziz lanik onena ere. Xehetasun guztiak www.zinebilera.eus gunean daude.

enarenEKAINAREN 7tik 9ra izango da, Gasteizen, XIV. Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdia. Hiru egunez, 35 konpainiaren 70 ikuskizun eskainiko ditu jaialdiak, horietako 2 erabateko estreinaldiak. Parte hartzaileen artean, 10 euskal talde izango dira, eta Gasteizko sortzaileek tarte berezia izango dute. Euskarazko ikuskizunen artean, Gure zirkua, 2princesesbarbudesen Enaren kontuak, Brasantiren Kale gorrian eta Pez Limboren Oxido ikusi ahal izango dira. Arte eszenikoen baitako diziplina ugariez gain, musika emanaldiak ere eskainiko ditu Kaldeartek, Jon Basagurenen eta Maider Zabalegiren kontzertu bana, esaterako.