Hibai

hibaiBenito Lertxundi – Gaueko ele ixilen baladak
Bere garaian, askok ez zuten ulertu lan hau; Lertxundik bere ibilbide folklorikoa laga zuela zioten. Nire ustez, ordea, haren lanik sakon eta pertsonalena da. Bost kantu besterik ez, eta galtzeko moduko soinu zein kontzeptuen labirinto amaigabea. Antonio Breschi pianistaren ukitu hunkigarriak… musikaren poesia.
Dire Straits – Making Movies
Mark Knopflerren lan guztiak atsegin ditut. Ibilbide ikusgarria egin du, beti kalitate handiko lanak kaleratuz. Hauxe bereziki maite dut. Pelikulen kontzeptuak lantzen ditu, eta musikaz irudikatzen du hitzetan dagoena. Denborarekin, soinu bandak idazten bukatu zuen. Nahitaez entzun beharrekoa.
Ella Fitzgerald & Louis Armstrong – Ella & Louis
Uharte batean galduko banintz, eta disko bakarra aukeratu beharko banu bakarrik ez egoteko... Ella eta Louisen grabazioak izango lirateke, dudarik gabe. Musikaren historiako une goxo batean grabatu ziren klasiko hauek, eta oraindik inork ez ditu hobetu. Jazz abeslari esanguratsuenak garai hartako musikari onenek lagunduta. Errepikaezina.