‘Itsasotik Iturrira’, Lurpekariak taldearen lehen lana

lurpekariak

Seikoteak Steve Coleman eta Matana Roberts aipatzen ditu Errabal Jazz (Gaztelupeko Hotsak) zigilupean kaleratutako disko hau inspiratu dutenen zerrendan, baita Derek Bailey, Beñat Axiari, Maddi Oihenart, Fermin Goñi edota Iruñeko Gaiteroak ere. Lana osatzen duten hamabi kantak berriak dira, Liliak ihes abestiaren bertsioa izan ezik (Ander Garcíak iaz argitaratu zuen). Taldeak antzinako irrintzi, kantu, dantza eta pasadizoak nahasi ditu tronpeta eta perkusioekin, ezustekoz betetako egiturak marraztuta. Hala, Afrika, New Orleans edota Euskal Herriko arbasoen arteko elkarrizketa da Itsasotik Iturrira. Ion Celestinok (tronpeta), Nerea Erbitik (ahotsa), Ander Garcíak (kontrabaxua), Javier Callének (kontrabaxua), Daniel Lizarragak (bateria) eta Israel Tubillejak (bateria) eratu duten taldeak mugak gainditu ditu, jazza erreminta eta hizkuntza unibertsala dela erakusteko eta euskal kultura, pentsamolde zein doinuen usadio zaharra gaurko Euskal Herrira nahiz mundura ekartzeko.


ehzEHZ Festibala Irisarrin ospatuko da, ekainaren 28an, 29an eta 30ean. Orain arteko taldeak ez beste batek hartu du antolakuntza bere gain, eta ondo hasi du bere ibilbidea, Proiektuari Elkar saria jaso baitu (10.000 euro, “Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia” egiteagatik). Ohiko kultur eskaintza zabalaz gain (aurten hori Euskal Herrian bertan xerkatzeko parioa egin dute), tailerrak izango dira berritasun nagusia, “Iparraldeko mugimenduentzat aberasgarriak izanen diren edukien lanketa” proposatu nahi dutelako. Anari, Izaki Gardenak, Montauk, Broken Brothers Brass Band, Gari & Maldanbera, Koban, Toi d’abord, Led Silhouette, Oihaneko Zühainetan, Iseo & Dodosound... egitarau osoa Festibalaren www.ehz.eus webgunean dago ikusgai.

maiderBIDEAN
Maider Zabalegi
Baga-Biga, 2019

Disko honetako bederatzi abestien artean, denetik dago: kantuak pop-rock euskarrian, baladak, amerikar folka eta rocka, countrya, kantu pausatuak eta azkarrak, alaiak eta sentiberak. Guztiak ere entzulearengan ilusioa eragiteko. Horretarako, hainbat kideren laguntza izan du Zabalegik: Gorka Urra (gitarrak, koruak, perkusioa), Urbil Artola (dobroa, lap stee, gitarra akustikoa, koruak), Maria Soriazu (baxua, koruak), Karlos Aranzegi (bateria, perkusioak) eta Santi Romano (pianoa, teklatuak, koruak). Hitzak, berriz, Maider Zabalegirenak berarenak dira.

ruperBAKARKA
Ruper Ordorika
Elkar, 2018

Lan berri hau ahotsaz eta gitarraz osatu du Ordorikak, bestelakorik gabe. Hamabi kantuen doinuak berak sortu ditu, baita seiren hitzak ere. Gainerakoak Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Luigi Anselmirenak dira. Hurbil-hurbiletik, edertasunaz, askatasunaz eta bizitzaz mintzo diren kantu hilezkor hauen bertsio arnasberrituak dakartza koblakariak, lehen garaietakoak zein azken urteotakoak hurrenkera iradokitzailean josita. Ofizioari ia 40 urte eskainita heldu da Ordorika gaurdaino, milaka kontzertu eman eta 19 disko argitaratu ondoren.