Satan nagusi

minbiziaMinbizia
Minbizia
Crystal Mine, 2019

Ez da oso ohikoa disko kutunen sail honetara kaseteak ekartzea, baina egia da askok desagertutzat jotzen zuten euskarri hori azken bolada honetan pizkunde moduko bat izaten ari dela (esparru alternatiboan, behintzat), eta gero eta talde gehiagok aukeratzen dutela haien lehenengo lanak argitaratzeko. Edozein modutan, Minbiziaren proposamena ere ez da oso ohikoa: bi lagunek osatzen dute taldea, distortsionatutako baxu bat eta trepeta elektroniko mordoa erabiltzen dute, eta sekulako anabasa sortzen dute, synth punk eta musika esperimentalaren erdibidean. Ez die beldurrik ematen euskal kulturako klasiko madarikatuengana jotzeak (Jon Miranderen Akelarre poema satanikoa darabilte abestietako batean), baina ezin esan haien proposamenaren modukoak maiz topatzen direnik euskal musikaren esparruan. Besteak beste, Units eta The Screamers taldeen ondarea gurera ekartzen du Minbiziak, eta hori beti da albiste pozgarria.   
Gotzon Hermosilla