Etxaniz Rojo, garai modernoetako harreman epistolarraz

etxaniz

Denok gara Google (Erein) izeneko nobela kaleratu du Xabier Etxaniz Rojok. Bi narraziok osatzen dute eleberria, baina, halako batean, bat egiten dute bilaketa banatan oinarrituriko bi istorioek. Euskal idazle arrakastatsu bat, Iñigo Ormazabal, ziberespazioan bakarrik ezagutzen duen Oianko izeneko emakumearen bila ari da, ezinean, Oianko ez delako emakume horren benetako izena. Maria, berriz, Ormazabalen maitalea, amarentzat gerra garaian oso garrantzitsua izan zen pertsona baten peskizan dabil: frantsesaren semea. Ideia bera dute bi narrazioek: badago ez jakitea baino gauza latzagorik. Etxaniz Rojok “gaur egungo maitasun istorioa” kontatu nahi izan du liburu honetan, “gaur egungo tresneria” erabiltzen duena; izan ere, egileak berak liburuaren aurkezpenean aitortu zuenez, idazten hasi zenean ez zegoen sare sozialik, eta “haien agerpenak izugarri aldatu ditu gauzak”.


aintzaneAINTZANE USANDIZAGAK zortzi istorio autonomo idatzi ditu bere lehenengo liburu honetarako: Kabitu ezina (Elkar). Narrazio bakoitzak bere mundua eta pertsonaiak eduki arren, badituzte hainbat ezaugarri komunean: egunerokoan gertatzen diren istorioak dira, giza harremanak ardatz, eta pertsonaiak beren egunerokotasuna neurri batean aztoratuko dien egoera berezien aurrean aurkitzen dira. Hala, Judith da ipuin bateko protagonistetako bat: lagun guztiak oporretan dituela, haietako batek utzitako txakurra zaintzen pasa behar du uda. Ama hil hurren egonik, hiru neba-arreba aspaldiko partez elkartuko dira, eta haien arteko ezinegonak berriz ere azalduko dira. Beste narrazio batean, bikote baten bidaia zoragarriaren erdian, ezusteko txiki bat amildegi bihurtzen joango da…

 

 

 

 

 

 

 

kezkoKEZKO BOLA BATEK ITOAK BIRIKAK
Miel A. Elustondo
Txalaparta, 2019

Zerk eraman zuen Helena Tiucalera? Nor zer Amerika izeneko kubatarra? Zergatik elkartu ziren Guatemalako herri txiki hartan? Nor zen Ñana? Eta nolatan bukatu zuten Ñanak eta Helenak Iruñean? Zertan zebilen Garbiñe Dakotako Pine Ridge erreserban? Zerk lotzen zuen Johnny Douglas Euskal Herriarekin? Eta On Jaime? Latinoamerikatik Nafarroako geografia zeharkatzera eramanen gaituen eleberri beltz honetan, euskara, literatura, sikarioak, ustelkeria… ageri dira.

disoluzioDISOLUZIO AGIRIAK
Jose Luis Otamendi
Susa, 2019

Egileak bizi ditugun garai aldakorrek sortzen dituzten galderak plazaratu ditu, poesia molde berria bilatuta. Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri dira, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputza, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez zer datorkion ikusten duena. Idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa aurkituko ditu irakurleak liburuan, urteek eman dioten aberastasun teknikoaz batera.