Kamisoi zuri zetazkoa

kamisoiAlaine Agirre
Erein, 2018

Eserialdi batean irakurtzeko ipuina ekarri digu Alaine Agirre idazle bermeotarrak oraingoan; eserialdi larri eta estuan irakurtzeko ipuina, Sara Moranteren marrazkiekin osatua.
Protagonistak 11 urte zituen gurasoek ingelesa ikasteko udaleku batera Euskal Herritik kanpora bidali zuten uda hartan, konpresak lehen aldiz erabili zituen uda lehor eta bero hartan. Emakumetu egin zela esaten zioten, baina berak ez zekien zer esan nahi zioten horrekin: gero ulertuko zuen, gizon handi (handiegi) haren eskuak gainean sentitu eta denbora batera, seguru asko.
Lehenengo pertsonan dago kontatuta istorioa, atzera begiratu eta bizitzako lehenengotariko zaplaztekoari heltzen dion begiradaz josita. Klorofilazko txikleak, bakardadea, inozentzia, lotsa eta isiltasuna dira nagusi orriotan, bai eta pentsatzen denaren eta esaten denaren arteko kontraesana ere: gustagarria izateko zanpatzen diren hitzen hilobia da, eta hilobi horren gainean dantzatzen den gizon une hartan boteretsuaren zirkua.
Lehen begiratuan, haurrentzako ipuina dela irudi dezake, liburu mehea baita, letra handiaz eta marrazkiduna. Barrukoari heltzen diozunean, ordea, azal eta maketazio inuzente horretan kabitu beharko ez litzatekeen oroitzapen latz (latzegi) batekin egingo duzu topo.
Zoragarria, hainbat gauza ulertzeko eta esaten denaz harago entzuten ikasteko.
Alaitz Andreu