Zaindariak zaindu

Arazo larria dugu Interneteko sare sozialekin. Gazte zein ez hain gazte askorentzat informazio iturri bakar, edo nagusi, behintzat, bilakatu dira. Twitter, Facebook, eta (ez dezagun ahaztu, haren jabetzako) Whatsapp zein Instagramen gabiltzanean, lagun eta hurkoz inguratuta aritzen gara. Konfiantza giro horrek gure espiritu kritikoa baretzen du, eta sareotan irakurri edo ikusten duguna askoz ere sinesgarriagoa egiten zaigu komunikabide konbentzionaletan ikusten duguna baino.
Sinesgarritasun faltsu horrek arazo katea eragin du, hala nola, albiste faltsuen hedapena eta horien erabilera iritzi publikoa eraldatzeko.
Horri aurre egiteko, sare sozialek neurriak hartu dituzte, oinarrian zentsura hutsa direnak. Facebookek, bereziki, bere irizpideen arabera erabaki du hainbat eduki ez direla onargarriak, eta horiek sistematikoki ezabatzen edota blokeatzen ditu. Egun batean, ultraeskuineko ideia bortitzak ez dituela onartuko erabaki du, baina biharamunean zalantzan jartzen hasi da estaturik gabeko herrien abertzaletasuna onargarria den...
Beste alde batetik, norbaitek esan dezake: “Aizu, sare horiek enpresa pribatuenak dira, eta inor ez dago behartuta erabiltzera. Baldintzak gustatu ezean, ezabatu zure kontua, eta kito!”. Arrazoi apur bat badu hori dioenak. Nik neuk iragarki taula handi bat jartzen badut herriko plazaren erdian, eskubidea dut neure taula horretan nahi dudana jartzeko eta kentzeko. Baina, orduan, auzokideei argi eta garbi esan beharko diet neure taula dela, eta ez edonork nahi duena adierazteko tresna bat; gainera, Udalaren araudia ere bete beharko dut, hark nire taulatzarra desmuntatzea eta biltegira eramatea nahi ez badut, bederen!
Facebookek eta Twitterrek diote oso arduratuta daudela jasotzen dugun informazioaren kalitatearekin, eta kontu handiz zaintzen ari direla haien bidez ez dezagun eduki desegokirik jaso. Bikain, eskertzen da ahalegina, baina... galdera klasikoa halakoetan: nork zaindu behar ditu zaindariak?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/independentismoa
Eduki ‘okerren’ inguruan egiten ari den hausnarketaren barruan, Facebookek dagoeneko aipatu du euskal independentismoa, adibidez, ‘supremazismo zuriarekin’ lot litekeela. Azalpena, Argia.eus-en.
https://labur.eus/wpzuloa
Facebookek eta bere jabetzako sareek etengabeko pribatutasun arazoak dituzte. Lehengoan, akats tekniko batek zabalik utzi zien atea hackerrei munduko Whatsapp erabiltzaile guztien telefonoetan sartzeko.
https://labur.eus/gezurra
Paradoxikoa dirudien arren, nola zabaltzen den gezurra inoiz baino errazago, informazioz gainezka bizi garen garaiotan.