Mendian ere, euskaraz

mendia

Mendia eta euskara era ludikoan uztartzeko xedea du Mendian ere euskaraz ekimenak, duela bi urte hainbat mendi taldek elkarlanean sortuak. Mendian ere euskaraz bizi daitekeela aldarrikatzeko, mendi irteera bateratuak antolatzen dituzte, mendian euskaraz aritzeko aukera eskainita. Aurten, indarberritu egin da egitasmoa. Elkarte gehiago batu zaizkio egitasmoari, besteak beste AEKren Praktikatu zerbitzua (AEK-ko Kirola eta natura taldearekin). Iragan maiatzaren 25ean, mendi martxa antolatu zuten Gorbeiara. Beste ekimen bat ere abiatu dute: https://mendianereeuskaraz.weebly.com webgunea, mendiari buruz euskaraz ekoizten den material idatzia zein ikus-entzunezkoabiltzeko eta gaiaren gainean interesa duen ororentzako plaza izateko. Sei atal ditu guneak: Atarikoa, hedabideetan agertzen den euskarazko informazioa bildu eta euskara hutsean egiten diren mendi irteeren berri emateko; Mendian ere euskaraz, ekimenari buruzko informazioa zabaltzeko; Blogak, mendiari buruzko euskarazko blogak eskuragarri izateko; Artikulugileak, lan idatziak jasotzen dituena; Irudiak, argazkiak biltzen dituena; eta Hemeroteka, atarira bidaltzen dituzten artikuluen bilduma.


EUSKARAZKO eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egin zuen PuntuEUS Fundazioak, iragan maiatzaren 17an ospaturiko Interneten Nazioarteko Egunean. Hizkuntza baten bizitasun digitalak bere osasunaren gaineko funtsezko informazioa ematen duen neurrian, alor horri erreparatu dio PuntuEUS Fundazioak, datu eta guzti. Esaterako, eskaintzari dagokionez, Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuta, euskarazko edukia 26.663 webgunek dute, guztien % 16k. Gainera, .eus domeinuak erabiltzen du gehien euskara. Halere, Fundazioak azaldu duenez, euskarak sarean eskaintza eduki arren, “datuek diote mugatua dela, eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu”. Horretan, erabilera ere funtsezkoa izango da: “Euskararen bizitasun digitala ez da eskaintzara mugatzen, erabilerarik gabeko eskaintzak ez baitu etorkizunik. Erabiltzaileak trebatu eta motibatu egin behar ditugu, gure komunitate digitala indartu, eta ingurune digitala euskaraz kontsumitzera eta sortzera bultzatu”.

LABURREAN

EUSKAL HERRI osoko 172 euskara zerbitzuren informazio praktikoa (helbidea, webgunea, harremanetan jartzeko moduak...) biltzen du Euskal Herriko Euskara Zerbitzuen fitxategiak, Udaltop topaketetan aurkeztu zen proiektuak. Euskal Herriko euskara zerbitzuen topaketa da Udaltop, eta urtero egiten da, Lasarte-Orian. Aurtengoa, maiatzaren 16an eta 17an, fitxategia aurkezteko baliatu zuten, besteren artean. www.udaltop.eus/eu/udal-zerbitzuak helbidean kontsulta daiteke.


appKANTUZALEENTZAKO aukerako aplikazioa sortu du Patxi Bridierrek: Kantuz. Euskarazko 300 bat abestiren hitzak jasotzen ditu aplikazioak, bai tradizionalak bai modernoak. Behin deskargatuta, sarerik gabe erabiltzeko aukera ematen du, gainera. Doakoa da aplikazioa, eta Google Playn zein App Storen eskura daiteke, Android eta Apple darabiltzaten gailuetarako garatu baitu.