Justizia

olasagarreJuanjo Olasagarre

Clemente Bernard 2.800 euro ordaintzera eta urtebeteko zigorrera kondenatu du Iruñeko epaile batek Erorien Monumentuko kriptan sartu eta filmatzeagatik. Sekretua agerrarazteagatik kondenatu du Kristoren Anaigoak, bertan mezak egiten dituenak, kamera eta mikrofono ezkutua jarri zituela salatuta, eta gero hori dokumental batean argitaratu zuela: A nuestros muertos.
Nafarra naizenez eta Iruñean ikasi dudanez, ederki ezagutzen dut eraikin horri darion energia iluna; bertan elkartzen ziren, Franko hil berritan, Cristo Rey talde paramilitarreko jendaila hura guztia, Opuseko seminarista xume andana eta apaiz txuriko franko. Zona Nazionala deitzen zitzaion, Frankok gerra irabaztearen ondorio.
Topiko bilakatu dira Espainiako Erresuman Gerra Zibilaren ingurukoak. Topiko diot asko hitz egiten delako, nork bere iritzia duelako, eta jada ezin konponduzkotzat jotzen delako; ondorioz, Gerra Zibilaren ingurukoak politizatzeko ahaltasuna uzteko zorian daude, gutxira nostalgiarako aitzakia baino ez dira izango.
Gai horrekin, denbora kontra doa, 50 urte gehiegi baitira horrelako gertakari historiko baten itzal eraldatzaileari eusteko. Hoberenera, ez dut erabat sinesten, ezpondetako gorpuak berreskuratu egingo dira; txarrenera, eta halaxe gertatuko da, denboraren harlauza eroriko da lur soilaren gainera. Eta kito. Beharbada, hurrengo belaunaldia itzuliko da Kanbodian adinako gorpu behar bezala ehortzi gabe dagoela argudiatzen, baina eztabaida jada vintagea izango da, eremu estetikoari edo pertsonalari dagokion zerbait, eta inoiz ez zerbait politikoa. Uste dut dagoeneko  horretan gabiltzala, familiakoak barkamenaz mintzatzen baitira, sekula ez erreparazioaz. Inori ez zaio eskandalagarria iruditzen, esaterako, Ibaigaine jauregia Athleticen egoitza izatea gaur egun, Frankok zigorturiko De la Sota familiarena zela badakigun arren. Erosleak fede onez erosi zuela argudiatuko dizute, ezin garela bizi Gerra Zibileko kontuek gaur egungoa hainbeste baldintzatuta, jabetza pribatua ukiezina dela. Bakea eta elkarri ulertzea omen kontua. Gutxitan justizia.