Konpromisoen Klika: egin, eragin, eginarazi

konpromisoa

“Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi”. Maialen Lujanbio Zugastiren hitzak dira, Gasteizen 21. Korrikaren amaieran lekukoak zeraman mezu ezkutua leitzean entzun genizkionak. Aurtengo Korrikak behin eta berriz azpimarratu du jendarteko sektore guztien beharra euskararen normalizazioan eragiteko. 20. Korrikak Santiago zubian bildu zituen eragileak eta erakundeak, elkarlanean jarduteko garaia zela irudikatzeko. 21. Korrikak urrats bat gehiago eman du, Aro berriari, klika egitasmoa abiaraziz, esanetatik ekintzetara igarotzeko. Lehenik, Pasaiako Albaola itsas museoan, 30 erakunde eta taldek azaldu zuten euskararen normalizazioa azkartzeko pausoak egiteko konpromisoa, nork berea. Apirilaren 9an, Korrika betean, konpromisoa berretsi zuten, agerraldi bateratua eginez eta 1.252. kilometroan lekukoa elkarrekin eramanez. Tartean, Euskal Herriko administrazio nagusi guztiak izan ziren, bai Iparraldekoak bai Hegoaldekoak. Engaiatuta, klika egiten hasteko edota jarraitzeko sasoia da, Lujanbioren mezu eder bezain mamitsuan esan bezala, euskara “herri honen sistema eragilean” egon dadin.