Kutsadura

arrainakBotiken eta eguzki kremen osagai batzuk arrainetan metatzen dira

Arrainek ere jasotzen dituzte gizakiok erabiltzen ditugun botiken eta eguzki kremen zenbait osagai, eta albo ondorioak eragiten dituzte haien metaboslimoan. Halako gaiek ura kutsatzen dutela jakina da. EHUko Kimika Analitikoa saileko Haizea Ziarrusta ikertzaileak aztertu du kutsatzaile horiek nola pilatzen diren arrainen ehunetan eta jariakinetan, eta nolako eragina duten haien metabolismoan. Ikerketak erakutsi duenez, amitriptilina antidepresiboa, ziprofloxazin antibiotikoa eta oxibentzona eguzki iragazkia arrainetan meta daitezke. Gainera, kutsatzaile horiek “plasman, burmuinean eta gibelean albo ondorioak eragiten dituzte, metabolismoan eragiten baitute”, Ziarrustak azaldu duenez. Halako kutsatzaileak topatu dituzte Bizkaiko zenbait estuariotan, eta arrainengana ere heltzen direla ikusi dute. Horretarako, besteak beste, urraburuekin egin dituzte esperimentuak Plentziako Itsas Estazioan. Ziarrustaren hitzetan, “kezkatzekoa da kutsatzaile horien kontzentrazioa, kontsumoa hazten ari delako eta ez garelako gai araztegietan horiek ezabatzeko. Arrainengana heltzen ari dira, eta haien metabolismoa aldatzen ari da”. Hala, gai horiek arrainengan duten eragina aztertzea izango dute hurrengo urratsa, baita arrainak jaten ditugun gizakiongan izan dezaketena ere.