Bitxikeria

bizardunaBizardunak adierazkorragoak ote?

Bizardunei errazago antzematen zaizkie haserrea eta poza. Ez enpatikoagoak direlako edo bizardunek berezko adierazkortasun handiagoa dutelako, baizik eta bizarrak keinuak indartzen dituelako. Hala dio, bederen, Ingalaterra Berriko Unibertsitatean (Australia) egin eta Psychological Science aldizkarian kaleratu duten ikerketa batek. 700 boluntariori hainbat gizonezkoren aurpegien irudiak erakutsi zizkieten, bizardunenak eta  bizarrik gabekoenak. Ondoren eskatu zieten irudietan agertzen zirenen haserre keinuen indarra neurtzeko, eta gehienek azkarrago eta modu argiagoan antzeman zituzten bizardunen haserre keinuak. Ikerketaren egile Belinda Craig doktorearen ustez, bizarrak matrailezurra nabarmentzen du, eta, ondorioz, errazago suma daitezke haserre keinuak. Halere, poza adierazten zuten keinuak ere errazago nabaritu zizkieten boluntarioek bizardunei. Kasu horretan, baina, zergatiaren arrazoi jakinik ez dute eman ikerketaren egileek. Saia zaitezte inguruko bizardunak alaitzen, ea zer edo zer nabaritzen diezuen; zeren, gogaituz gero, azkar asko sumatuko baituzue haien aldartea...