Hizkuntza gutxituak

Euskarazko hedabideek 103 milioi euroko diru sarrerak dituzte urtero

EHUko HEKA ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, euskarazko hedabideen (ETB1 barne) bolumen ekonomikoa 103 milioi eurokoa da urteko. Hots, hori da haien diru sarreren batura. Europako Hizkuntza Gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza azterlanean jaso ditu datuok HEKA taldeak, Europako zenbait hizkuntza gutxitutan aritzen diren komunikabideak aztertu ostean. Zehazki, hizkuntza gutxitu hauetako hedabideen datuak ikertu dituzte: euskara, galegoa, katalana, irlandera, Eskoziako gaelikoa, bretoiera, korsikera, frisiera eta samiera. Orotara, 18 urtez bildutako datuak izan dituzte aztergai. Horien arabera, Europan 4.800 kazetari ari dira lanean, lanaldi osoz, guztia bertako hizkuntzan egiten duten 1.070 hedabidetan. Hizkuntza komunitate horiek 37 milioi lagun dituzte, eta horietatik 12k baliatzen dute tokian tokiko hizkuntza. Komunikabide horien urteroko bolumen ekonomikoa, guztira, 1.219 milioi eurokoa da; euskarazkoen kasuan, arestian esan bezala, 103 milioi eurokoa. Datu horiek eta beste zenbait Atlantan (AEB) jakinarazi zituen HEKA taldearen zuzendari eta EHUko irakasle IƱaki Zabaletak, AAAL Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen urteko kongresuan eskaini zuen hitzaldian.