Euskara

elekaMaiatzaren 12an izango da 36. Herri Urrats

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jai erraldoia ate joka da: maiatzaren 12an egingo dute Herri Urrats, Senpereko aintziraren inguruan, ohi bezala. Aurtengoan, LK leloa izango du goiburu Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak antolatzen duen jaiak. Hainbat esanahi batzen ditu LK hitz jokoak. Batetik, eta “eleka” ahoskatzen denez, euskaraz mintzatzeko gonbita egingo du; bestetik, eta Seaskak aurten 50 urte bete dituenez, urteurrenari egiten dio erreferentzia: zenbaki erromatarretan, L-k 50 adierazten du, eta K hizkiak, euskaraz, plurala. Hala, 50 urteren ostean ikastolak eta ikasleak gero eta gehiago direla azaldu nahi izan dute. Azkenik, aurtengo helburu nagusiak ere bildu ditu LK leloak. L hizkiaz hasten da lizeo hitza, eta K-z kolegio. Hain zuzen, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa handitzeko lanak eta hiri bereko Estitxu Robles Kolegioko berritze lanak laguntzeko baliatuko dute aurtengo jaian eskuratzen den dirua. Gainera, euskarazko murgiltze eredua aldarrikatzeko baliatuko du Seaskak hitzordua. Izan ere, Seaskan kezka eragin du Frantziako Gobernuak eredu horren legezkotasuna zalantzan jarri izanak.