San Frantzisko

lombardSigi-saga, sigi-saga... turista!

Kale oso ezaguna da San Frantziskoko (Kalifornia, AEB) Lombard Street. Kale zinez maldatsua da, eta sigi-sagatsua: aldapa pikoa gainditzeko, 125 metroko kaleak 8 bihurgune itxi ditu, karrika benetan deigarria egiten dutenak. Hala, ez da harritzekoa makina bat filmetan agertu izana. Jakina, halako kale berezia itsasgarri paregabea da turistentzat: urtean, bi milioi turista inguru igaro ohi dira bertatik. Kaleko bizilagunak, ordea, nazka-nazka eginda daude turisten masifikazioarekin, eta kexu dira: zarata dela, zenbait turistaren gizalegearen kontrako jarrerak direla, kalea autoz igarotzen dutenek eragiten dituzten buxadurak... Hori dela eta, San Frantziskoko Udalak erabaki du auto bakoitzari 10 dolar ordainaraztea kaletik igarotzeagatik, eta bisitak aldez aurretik erreserbatu behar izatea. Modu horretan, zirkulazioa arindu nahi du Udalak, eta turismo masifikatuak auzotarrei eragiten dizkien trabak murriztu. Erabakia dagoeneko onartuta dago, baina 2020an jarriko da indarrean.