Ingurumena

pirinioakMikroplastikoak, baita Pirinioetako airean ere

Jakina da plastikoaren arrastoak nonahi topa daitezkeela eta gizakiok mundua plastikoz itotzen ari garela. Plastiko hondakin handi, ertain eta txikiak ez ezik, mikroplastikoak ere leku askotan topatu dituzte ikertzaileek; esaterako, itsasoan, bai azalean bai hondo sakonean. Bada, Pirinioetako airean ere topatu dituzte mikroplastikoak, Nature Geoscience zientzia aldizkarian kaleratutako lan batek jaso duenez. Zehazki, Bernadouzeko (Okzitania) estazio meteorologikoan aurkitu dituzte, 1.425 metroko garaieran. Bost hilabetez neurtu dute mikroplastiko kopurua, eta egunean 365 partikula jaso zituzten metro karratuko. Orain arte, airetik eroritako mikroplastikoak bi hiritan zituzten antzemanak: Parisen (Frantzia) eta Dongguanen (Txina). Izan ere, mikroplastikoen aire bidezko hedapena ez dago hain ikertua, gehienbat uraren bidez barreiatzen direnez, itsaso eta ibaiei erreparatu izan baitzaie. Alta, Pirinioetan, natur gune batean, topaturiko kopuruak hiriotan antzemandakoen antzekoak dira. Ikerketaren arabera, mikroplastikoek distantzia nabarmenak egin ditzakete airean zehar. Goi mendietan aurkituĀ  zituzten lehenik mikroplastikoak; adibidez, Alpeetan, Forniko glaziarrean (Italia), 3.000 metroko altueran. Orduko hartan, ikertzaileek bi jatorri aipatu zituzten: aireak eramandakoak eta mendizaleen arropa eta tresneriak askaturikoak.