Teknologia

pasahitzaZein dira pasahitz arriskutsuenak?

Interneten ibiltzean, munduan erabiltzen den pasahitzik arriskutsuena 123456 da. Bigarren arriskutsuena asmatzeko ere ez da buruargitasun handirik behar: 123456789. Ez dago horiek baino pasahitz ez seguruagorik, NCSC National Cyber Security Centre Erresuma Batuko Gobernuaren agentziaren arabera. Gehien erabiltzen diren eta zibererasoetan gaindituak izan diren pasahitzen zerrenda osatu du NCSC-k. Guztira, 100.000 pasahitz bildu dituzte, eta zerrendaren lehen postuetan ageri dira halakoetan oso ohikoak direnak: 123456 eta 123456789ren ondoren datoz, hurrenkera honetan, qwerty (teklatuan, hizkien goiko lerroan ezkerretik eskuinera ageri diren lehen sei teklak), password (pasahitza, ingelesez), 111111, 12345678, abc123, 1234567, password1 eta 12345. Zerrenda osoa NCSCren webgunean (https://www.ncsc.gov.uk/) kontsulta daiteke, xehe-xehe gehien erabiliak, izen bereziz osaturikoen artean gehien erabiltzen direnak eta abar. Zerrenda ezagutaraztearekin batera, pasahitzak modu seguruan aukeratu eta erabili behar direla gogoratu du NCSCk. Izan ere, sarean ibiltzean, pasahitzak ongi aukeratzea funtsezkoa da, inor ez dadin sartu gure e-postan, kontuetan eta bestelakoetan. Dena den, adituak esan eta esan aritu arren, ez dirudi kasu askorik egiten zaienik... Nolanahi ere, gomendio batzuk nahi badituzue, Joxe Rojas AIZU!ko kolaboratzaileak martxoko zenbakian idatzitakoa berriz leitzea gomendatzen dizuegu.