Ez da hezten komikia irakurtzeko

arinPaula Estevez
Ilustratzaile eta komikigilea

Arte Ederrak ikasia, irudigintza du ogibide Estevezek (Donostia, 1984): komikiak, kartelak, diskoen azalak... Hainbat emakume irudigile batzen dituen Tupust! kolektiboko kide, taldeak Txalapartarekin berriki argitaratutako izen bereko bilduman parte hartu du. Fanzineen munduan ere badihardu, eta Guillotina Festa Donostiako autoedizio topaketen antolatzaileetako bat da. Hain zuzen, autoedizioa ohiko bide du bere lanak plazaratzeko. Oki Moki musika taldea du Aritz Aranbururekin batera; orain arteko lan bakarra, Ocean Breeze, euskarri digitalean eta kasetean kaleratu zuten.

Tupust! bilduma. Zerekin egingo du topo irakurleak?
Egile ugarik egindako istorioak aurkituko ditu. Berez, niaren inguruan sortutakoak dira, baina nork bere aldera eraman du niaren kontzeptua. Istorio oso ezberdinak dira, bai estilo bai eduki aldetik. Guztiak batzen ditu ni horrek, baita koloreen erabilerak ere. Hori zaindu nahi izan dugu.
Tupust! kolektiboa. Batzeko beharra sumatzen zenuten?
Bai, uste genuelako gehienbat euskal komikigintza (ezaguna dena, behintzat) nahiko tradizionala dela, eta dibertsitate handia falta zela estilo eta istorio aldetik. Emakumeen presentzia ere oso eskasa da komikigintzan, eta jakinarazi nahi genuen egon badaudela komikia ondo egiten dutenak, eta bestelako istorio batzuk sor ditzaketenak, bestelako estilo piktoriko batzuekin.
Komiki ekoizpenak gora egin du azken urteetan, baina emakumezko egileak oraindik ere bigarren mailakoak?
Bai. Tira, gizartean ere gauza bera gertatzen da gauza askorekin, ez bakarrik komikiaren arloan. Beharbada, gizartean badago pixka bat hedatuta super heroien komikien ideia hori, eta gehienbat nerabeei eta mutil gazteei bideratzen zaizkie. Hezkuntzari dagokionez ere, ez da hezten komikia irakurtzeko. Hala, jendeak ez daki bestelako istorioak eta komiki lengoaiak ere badaudela.
Euskarria edozein izanik ere, zure marrazteko era nabaria izaten da. Nola definituko zenuke zure estiloa?
Zaila da esatea, lanaren arabera ere pixka bat moldatu egiten delako. Lerroan oinarritutako marrazkiak dira, lerroak garrantzia handia dauka. Kolore nahiko lauak erabiltzen ditut, eta irudiak nahiko figuratiboak dira, errealistak, jendeak argi antzematen du zer diren. Gaiei dagokienez, pertsonaia berezi edo ezberdin samarrak lantzea gustatzen zait; desobedienteak, neure hitzetan.
Nahiko aztoragarriak izaten dira.
Bai. Nire lanak horren figuratiboak dira, ezen gustatzen zaidan nolabait misteriodun atmosfera bat sortzea, ikusleak sentitzea zer edo zer ez duela ongi ulertzen. Hau da, irudia ulertzen du, baina egoera, agian, ez du horren argi. Horixe dut gustuko.
Kasetean plazaratu duzue Ocean Breeze. Arrazoi ekonomikoa ala sentimentala?
Biak. Sentimentala gu kasetean hasi ginelako musika entzuten, eta baduelako xarma, baita paperaren fetitxismo hori ere. Hori du ona, horiek guztiak asetzen dituela: paperaren fetitxismoa, kutsu sentimentala... Horrez gain, oso merkea da, merke saltzen duzu, eta, gainera, egindakoa unean jasotzen duzu, aste batetik bestera. Dena den, gustatuko litzaiguke hurrengo lana biniloan ateratzea, garestiagoa bada ere.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gosari on batek.
Eta tristatu? Injustiziek.
Zerk eragiten dizu barrea? Pertsona bereziek, normaltasunetik ateratzen diren izaerek.
Zerk haserrarazten zaitu? Jarrera berekoiek, norbere onurarako ondokoa zapaltzen duten jarrera horiek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Horrek guztiak, eta amaitu gabeko lanek.
Bizio bat: lo egitea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Margolaria.
Orain, zer ez duzu izan nahi? Polizia.
Komiki bat: Sad Boy, Berliac-ena.
Ilustratzaile bat: Cristina Daura.
Musika talde bat: Arrotzak.
Gustura marraztuko zenuke… Eleberri grafiko bat.

Eñaut Mitxelena