Ez dago amarena bezalakorik

Ama Esnearen Euskal Bankua 2017ko urritik da martxan. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan dago, Galdakaoko ospitalearen ondoan. Duela urte eta erdi ematen hasi zen zerbitzuak oso harrera ona eduki du: 2018an, 115 esne emaileren dohaintzak jaso zituzten, eta EAEko neonatologia unitateetatik egin zizkieten eskaera guztiei erantzuteko moduan izan ziren. Beren haurren beharrak ase ondoren esnea eman nahi duten emakumeek jotzen dute Bankura, eta bertatik bideratzen dituzte dagokien unitatera, informazioa eta behar duten material guztia jaso dezaten. Ama emaileek emandako esnea neonatologia unitateak dituzten lau ospitaleetan (Gurutzeta, Basurtu, Donostia eta Txagorritxu), Durangoko osasun zentroan, Urdulizko ospitalean eta odol emaileen gune finkoetan batzen da; bada, esne hori heltzen da Ama Esnearen Euskal Bankura. Pasteurizazio prozesua eta beharrezkoak diren analisi guztiak egin ondoren iristen zaie horren beharrean dauden haur jaioberriei. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Esti Lanao.

esnebankua

“Ama esneak askoz onura gehiago dauzka epe labur, ertain eta luzera”

Maria Villaverde (Madril, 1982) da Ama Esnearen Euskal Bankuaren arduraduna. Izugarri gustatzen zaio bere lana, hau da, sei hilabete baino gutxiagoko haurra duten amek dohaintzan emandako esnea prestatzea, horren beharra duten jaioberrientzat.

Haurrari bularra ematen dioten emakumeek sobera duten esnea jasotzen du Bankuak: “Bakterioak eta birusak desagerrarazteko pasteurizatu ondoren, esne horren mikrobiologia aztertu eta nutrizio konposizioa neurtzen dugu: zenbat proteina dituen, zenbat koipe, zenbat laktosa... esne guztiak ez direlako berdinak. Gero, ontziratu, etiketatu eta neonatologia unitatea duten ospitaleetan banatzen dugu, eskaeraren arabera”.
Hartzaileak amaren esnea hartu ezin duten haur jaioberriak dira, kilo eta erdiko pisura heltzen ez direnak edota 32 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaioak: “Askotan gertatzen da, haurra sei hilabeteko haurdunaldiaren ostean jaiota, amari esnea ez igotzea bizpahiru egun pasatu arte. Bada, denbora horretan, beste emakume batek emandako esneaz elikatzen da. Dena den, gehiago pisatzen duten haurrek ere har dezakete esne hau, medikuak hala agintzen badu”. Esne hori behar duten amen profilari dagokionez, “gerta daiteke umeari bularra ematen uzten ez dion botikaren bat hartzen egotea, gaixotasunen bat edukitzea edo esnerik ez edukitzea”.
Haur goiztiarrek, heldutasun faltagatik, hilgarria gerta dakiekeen hesteetako gaixotasun bat izateko arrisku bizia dute. Gainera, ez daukate garatuta immunitate sistema ere, “eta, horretarako, ama esnea da onena”. Osasuntsu jaio eta ama esnerik hartu ez duen umeak ez omen du berez urritasunik, “baina frogatuta dago ama esneak askoz onura gehiago dauzkala, epe labur, ertain eta luzera”. Hortaz, neonatologia unitateetan “ahalegin handia” egin arren, “amak ezin duenean, Munduko Osasun Erakundeak emandako esnea dauka bigarren aukera. Pentsa, egon badaude helduen minbizi mota batzuk tratatzeko ama esnea erabiltzen ari diren ikerketak”. Gainera, merkeago ateratzen da: “Berez, doakoa da. Merkeago ateratzen da, prozesu guztia pasatu arren, ekiditen delako kasu askotan haur goiztiarrak behin eta berriz ospitaleratu behar izatea. Eta beharrezkoa denean, egun gutxiago ematen dituzte ospitalean”.
Pasteurizatu arte, Bankuan hiruzpalau hilabetez gorde dezakete, izoztuta, jasotako esnea: “Behin pasteurizatuta, -80 gradutan izozten dugu berriro, eta horrela urtebete iraun dezake. Beraz, badugu stocka, eskaeraren arabera banatzeko. Neonatologia unitate batetik eskatzen digutenean, elur karbonikotan bidaltzen dugu, 120 edo 50 mm-ko biberoietan ontziratuta, haurrak hartzeko prest”.
Emaileak hainbat baldintza bete behar ditu: sei hileko baino gutxiagoko haurra hazten egon, nahikoa esne eduki, bizimodu osasungarria izan... Prest agertzen den emakumeari “odol analisiak egiten dizkiogu, birusak eta gaixotasun kutsakorrak baztertzeko; baita bizimodu eta osasun ohiturei buruzko galdetegia ere”. Ama horiei informazio eta material guztia ematen zaie, eta hamabostean behin eman behar dute esnea: “Ahalegin handia da, etxean haur txikia eduki eta zaintzeaz gain, esnea ematea. Ekintza altruista da, biziki eskertu beharrekoa”. Villaverderen esanetan, “ama batek berez badu azaltzen zaila den sentimendu bat, baina emaileak askotan dira familian edo inguruan haurrak ospitaleratuta ezagutu dituzten amak; baita esne asko daukatenak ere, bestela bota egin beharko luketenak”. Dohaintza bukatzen da umeak sei hilabete betetzen dituenean, hortik aurrera proteina gutxiago edukitzen duelako esneak: “Aldatu egiten da umearen nutrizio beharren arabera, magikoa dirudi. Sei hilabetekin, umea beste gauza batzuk probatzen hasten da, eta ez du horrenbeste proteina duen esnea behar”. Horregatik irauten du dohaintzak sei hilabete, Bankuan proteina oparoko esnea behar dutelako.

malu“Jakingo bagenu zein garrantzitsua den edoskitzea1 umearentzat, emaile gehiago egongo litzateke”

Ama Esnearen Euskal Bankuko esne emailea da Malu Montes (Errenteria, 1987). Bi alabaren ama da: Adharak 4 urte ditu, eta Xarek 11 hilabete.  Bigarrena jaio ostean hasi zen bere esnea biltzen.

Xare jaio eta hiru hilabetera hasi nintzen nire esnea jasotzen” azaldu du Montesek. “Hala dio protokoloak, esnealdiak finkatuta egon behar duelako, eta hori bizpahiru hilabetera gertatzen da” zehaztu du. Alaba zaharrena jaio zenerako, argi zeukan emailea izango zela. Izan ere, “Adhara jaio zenean, esne asko sortzen nuen, litro erdi inguru batzen nuen egunero”. Orduan, ordea, ez zegoen esne bankurik, eta ezin izan zuen egin. Hala, “Xare jaio zenean, oso argi nuen esnea eman nahi nuela. Gainera, gaiari buruz irakurtzen eta ikertzen aritu nintzen, eta banekien zer-nolako onura dakarkien ama esneak ume goiztiarrei edota gaixoei...”.
Martxoan utzi zion Esne Bankua hornitzeari Montesek. Iazko udan hasi, eta “8 edo 9 hilabetez egin dut”. Ezohikoa da hori. Berez, emailearen haurtxoak sei hilabete betetzean esnea jasotzeari utzi behar izaten diote, esnearen ezaugarri nutrizionalak aldatu egiten direlako. Ez da izan Montesen kasua: “Esne Bankuko Donostiako ospitaleko arduradunak, Begoñak, aldian-aldian deitzen zidan, eta horri buruz ohartarazi zidan. Baina nire esnearen proteina mailak handia izaten jarraitzen zuen”. Hori dela eta, ohi baino denbora gehiagoz eman ahal izan du esnea.
Xare gaixotu zelako utzi zion esne bankua hornitzeari. Oso zorrotz aztertzen dute Esne Bankuan jasotako esnea: “Ez bakarrik esnearen nutrizio balioa neurtzeko, esnea ez dagoela kutsatua ere ziurtatzen dute. Adibidez, umea edo ama gaixotzen badira, sukarra izan aurreko astean eta hurrengoan ezin da esnerik jaso”. Horixe gertatu zitzaien ama-alabari: Xare bi aldiz jarraian gaixotu zen, lehenik; eta, ondoren, Montes bera. “Berriz hastea pentsatu nuen, baina halako etenaldiaren ondoren esne ekoizpena berregokitu egin zen umearen eskarira, eta gorputza esne gehiago sortzeko behartu beharra... Bada, nahikoa eman nuela iritzi nion!”.
Zorrotzak dira, halaber, emaileek bete beharreko baldintzak: ez amak ez umeak ezin dute gaixorik egon; ez erretzea, alkoholik ez edatea... Esnea atera eta jasotzerakoan higiene neurriak ere muturrekoak dira: “Traste guztiak esterilizatu behar dira erabili aurretik, txanoa jantzi, maskara... Baina ez da aparteko ezer. Oso erraza da”. Gainera, Esne Bankuak beharrezko material guztia ematen die emaileei, “esnea ateratzeko gailua, adibidez, oso ona da”. Behin beharrezko guztiak edukita, “eguneroko errutina hartu behar duzu, hau da, egunero ordu berean egin behar da, gorputzak pentsa dezan beste edoskialdi bat dela”. Montesen kasuan, “gosariko kafea hartzen nuen bitartean ateratzen nuen esnea”. Behin esnea aterata, berehala izoztu, eta “hamabost egunean behin, Donostiako ospitalera eramaten nuen”.
Esnea ateratzen igaro duen denboran, Esne Bankuko langileen laguntza eta babesa ere etengabe izan ditu: “Oso ongi tratatu naute. Nirekin, batez ere Begoña egon da harremanetan. Pertsona maitagarria, txera ere hartu diot!”. Esker oneko ageri da Montes jaso duen laguntza eta arretagatik. Arazo bakarra ikusten du: esnea ospitalera eraman beharra. “Ni orain bajan nago, eta ez dit aparteko arazorik eragin. Baina lanean dabilenari, edo Donostiako Ospitaletik urrun bizi denari, atzera eragin diezaioke”.
Pozik aritu da Montes esnea ematen, jakinda bere esneak ume askori onura ekarriko diela. “Amaren esnearen balioan sinesten dut, eta garrantzitsua da. Ikerketek diote oso mesedegarria dela”. Ondorioz, ama izan berri direnak esnea ematera animatu nahi ditu. Halere, “gaia konplikatua” dela uste du: “Informazio gutxi dago. Hemen esaterako, anbulatorioan inork ez daki ezer. Ingurukoei aipatuta ere, harrituta geratzen dira. Hemen ez dago esnea emateko kulturarik. Are, bularra ematekoa ia ere ez. Orain, ama gehiago ikusten dira bularra ematen, baina konplikatua da. Gainera, emakume bat erditu berritan denean, ez da erraza izaten. Mina eta... gaizki pasatzen da. Ni edoskitze taldeetara askotan joan izan naiz, baina ez da esnea emateaz hitz egiten. Nire ustez, kontzientzia kontua da: ez dugu halakorik hemen. Jakingo bagenu zein garrantzitsua den edoskitzea umearentzat, gaia gehiago ezagutuko genuke, beharbada, eta emaile gehiago egongo litzateke”. Hala, bularra ematearen garrantzia azpimarratu du: “Ez gaude ohituta emakumeak bularra ematen ikustera. Baina ez bagaude ohituta, nola egongo gara kontzientziatuak emaile izateko?”.

 

pancorbo

“Oso ekimen eskuzabala da; harrigarria iruditu zitzaidan”

Sara Pancorbo (Eibar, 1984) Esne Bankuko ama hartzailea da. Jaioberri oso goiztiarra izan zuen udazkenean, eta, alabak une horretan zituen elikadura beharrei aurre egiteko, Bankuak eskaintzen duen doako zerbitzua erabiltzeko aukera eman zioten ospitalean.

Gabonetako edo Erregeetako oparia izan behar zuena, udazkeneko sari aurreratua izan zen Sara Pancorborentzat. Joan den urrian jaio zen Sofia, aurreneko alaba, haurdunaldiaren seigarren hilabetean. 750 gramo pisatu zuen jaioberriak, eta horren txikiak diren umeen berezitasunak direla eta, arreta handiagoz elikatu behar izan zuen: “Hasieratik, esnea ateratzeko tresna erabili behar izan nuen, hiru ordutik behin; Neonatologia Unitatekoek gailua eman, esnea atera, gorde, eta nire alabari ematen zioten”.
Baina esnea ateratzeko modu artifizialari luzaroan eustea zaila zen, haurrarengandik ez zuelako zuzeneko estimulurik. Hala, “asteek aurrera egin ahala, estimulu horrek behera egin zuen, eta alaba nik eman nezakeena baino gehiago hartzen hasi zen”. Memento hartan, Neonatologia Unitateko pediatrak Esne Bankuak eskaintzen duen doako zerbitzuaren berri eman zion, Sarak alabari amaren esnea ematen jarraitu nahi izatekotan: “Nola funtzionatzen duen azaldu zidan, eta irakurtzeko dokumentuak eman zizkidan; harrigarria iruditu zitzaidan, oso ekimen eskuzabala baita”.  
Guztira, bi hilabete egon ziren ospitalean Sofia jaio eta gero, eta zerbitzua hilabete eta erdiz erabili zuen, gutxi gorabehera. Zainen bitartez elikatu zuten Sofia txikia lehen astean. Hortik aurrera, Pancorboren esnea tantaka ematen hasi ziren, ama ezezagun batzuengandik jasotako esnearekin tartekatuta. Pancorbok dioenez, “osagarri egiten genituen, gehiago eman ezin nuenean. Esaterako, Sofiak hartzen zituen zortzi biberoietatik bat betetzen banuen, hori hartzen zuen, eta, gero, eskaintzen zidatena”. Gainera, beti zekien Pancorbok noiz zen bere esnea eta noiz ez, biberoiak etiketa bat izaten baitzuen itsatsita: “Batzuetan, esnearen kolorea ezberdina zen, ama guztien esnea ez delako kolore edo lodiera berdinekoa; baina biberoiak beti pegatina bat izaten zuen, anonimoa guztiz, hori bai”. Ez zekizkien ama eskuzabal horien izenak, baina ospitalean zegoela emaile bihurtu ziren bi emakume ezagutu zituen. “Biak asko ekoizten ari ziren orduan, hots, esne asko zuten emateko. Ospitalean, emaile izateko proposamena egin zieten, eta baietz esan zuten” azaldu du. Esnea ateratzen ematen zuten denbora tarte horretan ezagutu zituen biak, eta berezia iruditu zitzaion: “Izan ere, agian, Sofia jasotzen ari zen esnea emakume horiena zen, nirekin batera esnea ateratzen ari ziren amena, alegia”.
Amak eta haurrak ospitalean dauden bitartean erabil dezakete zerbitzua, baina alta jasotakoan ezin dute esne gehiago eskatu, tamalez. Pancorboren kasuan, behin etxera joanda, medikazioa hartu behar izan zuen. Botika horren bidez, prolaktinak gora egiten zuen, esne gehiago sortzeko, baina bizpahiru astera berriro murriztu zen esne kopurua. “Saiatu nintzen, asko saiatu ere, baina, azkenean, ezinezkoa zela onartu behar izan nuen, eta ordutik aurrera formula esnea erabili behar izan nuen”.
Oraindik ere ezjakintasun handia dagoela uste du Pankorbok, berak ere ordura arte ez baitzekien aukera hori zegoenik. Hala ere, oso ekimen ona iruditzen zaio, haurrak amaren esnea hartzen jarraitzeko aukera ematen duelako: “Haurdun zauden unetik eta ondoren, amaren esnea bezalakorik ez dagoela esaten dizute beti, formula esnearen bidez lortzen ez diren antigorputzak sortzen dituelako. Hori onuragarria dela esaten dizutenez, aurrera egiten duzu”. Gainera, dena profesionaltasun osoz egin zuten. Pancorboren hitzetan, “inoiz ez nuen zalantzan jarri kaltegarria izan zitekeenik”. Horregatik, berriro behar izatekotan, zerbitzua erabiliko lukeela dio, eta, noizbait ama-emaile izateko aukera izaten badu, atsegin handiz lagunduko luke: “Berriro haurdun geratzen banaiz, eta haurdunaldi osoa bete eta esne ekoizpen ona badut, zalantzarik gabe eskainiko nuke nire esnea”.