Artsakh Errepublika, Googlen ez dagoen herrialdea

mug

1991ko abenduaren 10ean, independentziaren gaineko erreferenduma egin zuten bertan bizi ziren azeriarrek (biztanleriaren % 20) trabak jarri arren. 132.000 pertsonak bozkatu zuten, % 99,98k alde. Azerbaijanek ez zuen onartu, eta gerra hasi zen. Egun, inork ez du Artsakh aitortzen. Halarik ere, errepublika independentea balitz bezala funtzionatzen du. Juan Luis Mugertza.

Armeniarren ustez, 90eko hamarkadan munduak ez zion inolako kasurik egin Karabakh Garaiari (Nagorno-Karabakh ere esaten zaio), egun Artsakh Errepublika  edo Karabakh Garaiko Errepublika denari. Jugoslaviako gerrek protagonismo handiagoa zuten, nonbait. Alabaina, sasoi hartan izan ziren armeniarren eta azeriarren arteko borrokak (1991-1994), Tajikistaneko gerra zibila (1992-97), Moldaviako Transnistriako sezesioa (1992), eta Txetxeniako lehenengo gerrak (1994).
Armeniarren (kristauak) eta azeriarren (musulmanak) arteko harremanak inoiz ez dira izan onak, eta 1918an Armeniak eta Azerbaijanek burujabetza lortzeak, eta biek Karabakh Garaia nahi izateak, gaiztotu baino ez zuen egin haien artekoa. Stalinek 1921ean erabaki zuen Karabakh Garaia eskualdea, gehiengo armeniarra duena, Azerbaijanekoa izatea. 1988an, armeniar karabajiek batasunaren aldeko mugimendua sortu zuten Armeniako hiriburuan, Erevanen. Moskuko eta Azerbaijaneko gobernuen ezezkoak sekulako gorabeherak eragin zituen; tartean, hildakoak eta kanporaketak: azeriarrak Armeniatik eta Nagorno Karabakhetik; eta armeniarrak, Azerbaijanetik.
1991n, Mijail Gorbachoven aurkako estatu kolpe saiakera gertatu zenean, Moskuko armadaren presentziak indarra galdu zuen Nagorno Karabakhen. Izan ere, garai hartan, Errusiak bazituen arazo potoloagoak leku askotan. Orduan, armeniar karabajiek independentzia aldarrikatu zuten, erreferendumaren ostean. Horrek gerra ekarri zuen, eta Azerbaijanek Karabakh Garaia galtzea. Harrezkero, Artsakh independentea da, Armeniaren babespean. Europan, Osetiako Hegoaldea, Abkhasia eta Transnistria daude egoera bertsuan. Burujabetasun politikoa eta ekonomikoa badute, baina guztiek erreklamatzen dituzte lurrak: Georgiak, Osetia eta Abkhasia; Azerbaijanek, Karabakh Garaia; eta Moldaviak, Transnistria, hurrenez hurren.

Lau eguneko gerra. 2016ko apirilaren 2an, Azerbaijaneko armadak 1994an eginiko bake ituna urratu, eta hegazkinak nahiz tankeak erabili zituen Karabakh Garaiaren aurka. Azerbaijanek ez zuen argitu bere hildakoen kopurua; armada armeniarraren arabera, berriz, 25 izan ziren bereak. Apirilaren 10ean, negoziazioetan aritu ostean, Azerbaijanek hildako 18 soldadu armeniar eman zizkion etsaiari, batzuk torturatuak eta beste batzuk bururik gabe. Itxura denez, Azerbaijan aurreko gerran baino hobeto armatuta zegoen, eta Karabakh Garaiko Errepublikari 800 hektarea lur kentzea lortu zuen. Inoiz ez da izan giro bi nazioen artean, baina orain dela hiru urteko gerra horrek lozorroan egondako gorrotoa esnatu du, eta askori gogorarazi die zauriak sendatu gabe daudela. Gu Karabakh Garaiko Errepublika edo Artsakh Errepublika hobeto ezagutzeko asmoz joan ginen bertara.

Artsakh. Hori entzun, eta furgoneta gidariak bere atzetik joateko adierazi digu esku keinu batez. Egokitutako eserlekuak ikustean, berehala jabetu gara Erevanetik, Armeniako hiriburutik, Stepanakertera, Artsakheko hiriburura, 321 km egiteko ez dugula erosotasun handirik izango. Lehenengo kilometroak patxada ederrean eta begiak erdi itxita egiteko asmoa bagenuen ere, oso argi dago bidaide askok bestelako intentzioa dutela: bat baino gehiago kantuan hasi da; beste batzuk zutik ari dira dantzan; Armeniako bandera eskuetan daramate beste zenbaitek; gure aldameneko andrea, egoerari lirikotasuna emateko edo, bertso batzuk errezitatzen hasi da. Gero jakin dugu, andrearen alaba Ulianak esanda, amak kantatutakoak Yeghishe Charents (1897-1937) poetarenak direla. Esan diegunean lau egunean The Janapar Trail-en zati bat egin nahi dugula, Azokh-en hasi eta Stepanakerten bukatuta, amak alabari esan dionak beldurtu egin gaitu, nahiz eta gure informazioaren arabera 284 km-ko Janapar ibilbidearen zatia oso ondo adierazita egon. Dirudienez, mendi paraje askotan, pertsonen kontrako minak lozorroan daude. Kezka hori buruan egin dugu aurrera. Bisaz galdetu dugunean, arazorik ez dagoela esan digute. Atzerritarrok 3.000 dram (5,30 euro) ordaindu behar ditugu, eta aldez aurretik erabaki zigilua pasaportean edo aparteko orri batean nahi dugun. Asmoa Azerbaijanera joatea bada, hobe pasaportean ez jartzea.
Berriro furgonetan, Uliana gure galderei erantzuteko prest dago. Nagorno Karabakh hizkuntzen nahasketa da: nagorno berbak “menditsu” esan nahi du errusieraz; karak hitzak “beltz” turkieraz; eta bakh-ek “lorategi” persieraz. Hala ere, bertakoek Artsakh erabiltzen dute. Armeniako azken herria atzean utzi dugu, eta paisaiak bestelako itxura hartu du: menditsuagoa da, eta herri arrastorik ez da inon antzematen. Bihurguneak bata bestearen atzetik datoz. Laster, helmugara helduko gara. Bide bazterreko etxetxo batean, mugazaina dago, eta ondoan Armeniako eta Artsakheko banderak ikusi ditugu. Gidariak etxolara eraman ditu bidaiarion pasaporteak, eta gu, furgonetatik irten gara zangoak luzatzera. Polizia etxeari argazkirik ez egiteko esan digute, eta guk Welcome to Artsakh dioen muga taulari egin diogu. Kilometroak ez dira asko, baina furgonetan egin beharreko denbora luzea da. Hiriburura heldu aurretik, harrizko pareta batean sentsore batez orroak egiten dituen Rock lion itxurako eskultura bat ikusi dugu. Stepanakertera heldu, armeniar jatorrak agurtu, eta Ulianak gomendatutako ostatura abiatu gara.

Stepanakert. Goizean goizetik, hiriburuan gora eta behera ibili gara. Gero, Bigarren Mundu Gerran Nagornon hildako 22.000 lagunen omenezko memorialera joan gara. Tartean, 1991-1994ko gerran bizia galdu zuten Artsakh Errepublikako soldaduen hilobiak ere badaude. Gerraren Museora oinez joan gara, eta ondo etorri zaigu begiak dantzan ipintzeko, eta aspaldiko eraikuntza zaharrak eta berriak elkarren ondoan ikusteko. Museoaren arduraduna oso berritsua da, eta geroa nola ikusten duen galdetu diogunean, itxaropentsu agertu da: “2006an, Konstituzioa onartu genuen; 2015eko maiatzaren 3an, legebiltzarrerako hauteskundeak egin genituen, eta kanpoko begiraleek onartu egin zituzten. Zer gehiago behar dugu?”. Erantzutear egon gara, “Nazio Batuen Erakundeak onartzea”, baina ez diogu ezer esan. Izan ere, munduko herrialdeek ez dute aitortzen Karabakh Garaiko Errepublika, Amerikako zazpi herrialdek eta Australiako Hegoaldeko Gales berriak salbu, Azerbaijanek gauza asko dituelako bere alde: nazioarteko legeria, petrolioa eta goi-mailako armamentua erosteko aukera (Israelek, Bielorrusiak eta Errusiak armak saltzen dizkiote), esaterako.
Gerra giroa alde batera uzteko asmotan, taxi bat hartu, eta Artsakheko monumenturik ezagunena ikustera joan gara: Tatik-Papik. Armenieraz, “Aitona eta Amona” esaten diote; bertakoek “Gu eta gure mendiak”. Bertan, armeniar turista batzuk ikusi ditugu aire zabaleko dendetan oroigarriak erosten. Salgai dauden kamiseta batzuetan, AEBetako Kalifornian jaiotako Monte Melkonian komandante armeniarraren aurpegia ikusi dugu: Artsakheko fronte guztietan borrokatu zen eta 1993ko ekainaren 13an Merzuli herrian hil zuten azeriarrek, Agdam izeneko borrokan. Heroia da bere herrikideentzat, oso maitea.

Sushi. Azkenean, ez dugu egin The Janapar Trail-en lau eguneko zatia, baina bai egun batekoa, eta oso leku politak ikusi ditugu 5 orduan Stepanakertik (Dasalti eta Muxtar herriak bidean) 12 kilometrora dagoen Sushira bitartean, bereziki 250 metroko Hunot arroila, Karkar errekak zeharkatzen duena. Naturak Sushi eta inguruko lekuak edertu egiten baditu ere, historiak ez dio batere lagundu herriari eta oso ondo ikusten da oraindik gerrak eraikin batzuetan utzitako arrastoetan. Antza, Karabakh Garaia eta Armenia lotzen dituen pasabidearen erdian egoteak ez dio batere mesederik egin. 1916an, 44.000 bizilagun zituen; egun, 4.446 besterik ez.
Herrian turismoa egiteko ere aprobetxatu dugu, eta Ghazanchesots katedrala ikusi dugu, Artsakheko handiena. Ez da oso aspaldikoa (XIX. mendekoa), baina irudi zoragarria izan da abadea eta soldaduak otoitz egiten ikustea.
Hurrengo bost egunak Tigranakert gaztelua, Mayraberd gotorlekua, garaipenaren tankea… ikusteko baliatu ditugu, baita, nola ez, gogoeta egiteko ere: “O, Armeniako herria, zure itxaropen bakarra batasuna da”.