Elkartasuna hezurmamitu

 

besarkada

M5 Herrien arteko besarkada lelopean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoek Durangon batzeko deia egin dute, migratzaileen alde. Maiatzaren 5ean da hitzordua, Euskal Herrian ez ezik, Europa osoan ere, hauteskunde garaiotan elkartasun erakustaldia egitea xede. Hala, salatu egingo dituzte bai Europako migrazio politikak bai hainbat alderdi politikoren mezu “arrazistak eta xenofoboak”. Maider del Olmo. 

“Ekimen honekin, bizitza eta Giza Eskubideak erdigunean kokatu nahi ditugu. Pertsona batzuk eskubideen jabe izatea eta beste batzuk ez izatea ahalbidetzen duten hesiak apurtu nahi ditugu” adierazi dute Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek. Horrekin batera, pertsonen zirkulazio askea exijituko dute hilaren 5eko besarkada kolektiboan. 12:00etan hasita, Ezkurdi plazatik lau zutabe aterako dira Landako guneraino, eta bertan elkar besarkatuko dute parte hartzaile guztiek, “neofaxismoaren aurrean duintasunez bizitzeko eta migratzeko eskubidearen alde”.
Pasa den azaroan hasi zen antolatzen egitasmoa. Artea herri bizkaitarrean, Euskal Herriko eta Espainiako harrera taldeak bildu ziren, Italiako eta Ceutako ordezkariekin batera, Europako migrazio politiken aurka ahotsa altxatzeko asmoz. Horrela jaio zen M5 Herrien arteko Besarkada ekimena. Antolatzaileak arduratuta daudenez zenbait alderdi politikoren mezu xenofobo eta arrazistekin, hauteskunde garaia baliatzea erabaki zuten beren mezua lau haizetara zabaltzeko.
Mezua, hain justu, premiazkoa da, zerbait izatekotan. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren arabera, “1993. urtetik, 35.597 pertsona hil dira, gutxienez, Europa gotorleku honetara iristeko ahaleginean, ez zutelako izan segurtasunez eta bermez erabiltzeko bide eta prozedurarik”. Itsasartea munduko mugarik hilgarriena bihurtu dela ohartarazi dute, besteak beste duela bost urteko gertaera lazgarriak gogoan. Orduan, 15 migratzaile hil ziren Tarajaleko hondartzan (Ceuta), igerian iritsi nahian zeudela Guardia Zibilek gomazko balak eta ke potoak jaurti zizkietenean. Plataformakoek, Harresi gehiagorik ez, zubiak egin ditzagun leopean Bilbon otsailean egin zuten ekitaldian, akordura ekarri zituzten hildako haiek guztiak, banan-banan eta beren izenez, eta bakoitzaren izenean lore bat jaurti zuten itsasadarrera.
Aita Mari itsasontziaz
Lore eskaintzan parte hartu zuten, halaber, iheslarien giza erreskaterako Aita Mari itsasontziko hainbat lagunek. Lerrook idaztean, Grezian zegoen ontzia, Kios eta Lesbos uharteetan laguntza humanitarioa banatzen. Iñigo Gutierrez  tripulazioko kideak eman ditu xehetasunak: “Itsasontziari blokeoa ezarri ziotenez, helegitea jarri genuen. Maiatzaren 18rako erantzun behar digute, baina ia ziur gaude ezezkoa izango dela”. Hala bada, ezingo dituzte Mediterraneoan erreskate lanak egin.
Merezi du gogoratzea salbamendu lanak egiteko egokitutako ontzia dela Aita Mari; lehenago, arrantza egiteko ontzia izan zen, eta propio prestatu zuten erreskateetarako. Urtarrilean, Pasaiako kaian egon zen, lehendabizi, itsasoratzeko baimenik gabe; gero, Bilbon. Blokeoa kendu ezean, itsasoan salbamendurik egin ezinda jarraituko du.

“Armagintzaren aurkako bizi martxan”

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bat egin zuen, apirilaren 6an, Armagintza, gastu militarra eta gerraren kontrako XII. martxarekin. Bizkaiko zenbait kolektibo antimilitaristak eta ekologistak, eta nazioarteko hainbat taldek bultzatu zuten egitasmoa. Goizean abiatu zen protesta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzatik, eta, bizikletaz, Barakaldoko ITP Aero armagintza lantegiraino joan ziren. Bidean zehar, gerraren aurkako oihalak zabaldu zituzten, tartean baziren Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarenak ere. Bizikleta martxa Getxon amaitu zen, Sener enpresa armamentistaren parean.
Martxaren antolatzaileek aditzera eman dutenez, “Eusko Jaurlaritzak armagintzarako dirulaguntzak ematen ditu, ia 100 milioi eurokoak, batez ere aeronautikaren arloan. Ekimen honen bidez, salaketa bikoitza egin nahi dugu: alde batetik, euskal erakundeek gero eta diru gehiago desbideratzen dutela gastu militarrerako eta armagintza bultzatzeko; beste alde batetik, aditzera eman nahi dugu, salatzeaz batera, Euskal Herriko armagintzan ehun bat enpresak jarduten dutela, ekoizpenaren % 80 inguru Saudi Arabiara eta antzeko herrialdeetara esportatzen dutela, eta, ondorioz, Yemenek, besteak beste, ondorio larriak pairatzen dituela".
Datu horiek baieztatzeko, ikus-entzunezkoa ere badute esku artean. Gerra hemen hasten da du izena dokumentalak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoek Euskal Herriko hainbat hiritan eta herritan eman dute azken asteotan: “Dokumentalaren oinarria da Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko Portuan Saudi Arabiara bidaltzeko armak zamatzeari uko egin zionekoa. Desobedientzia ekintza hark agerian utzi zuen Euskal Herritik Yemengo gatazkan erabiltzen ari diren zenbait arma bidaltzen direla”.
Gertaera horien guztien larritasunak bultzatuta, han eta hemen ari dira salaketak zabaltzen. Halaber, SOS Arrazakeriakoek hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatzaren 5eko Besarkadak ekimenaren harira. 21. Korrikan ere hartu dute parte, Gasteizen.