Andetxako eliza, kulturaren gotorleku

andetxa

Elizaren sabaitik jausitako harriak kokatu du Arabako Andetxa herri txikia mapan. Izan ere, teilatuaren konponketarekin hasi zen berridazten Andexako istorioa; handik urte luze batzuen buruan  amaitu da, Xabier Egaña artistaren Bizitzarako margoak egitasmoarekin. Horren ondorioz, egun laurogei bizilagun besterik ez duen herri honek 3.000 bat lagunen bisita jasotzen du urtero, zer eta San Miguel elizaren horma koloreztatuez gozatzeko. Josune Velez de Mendizabal.

Beldurrak jota itxi zuten Andetxako eliza 2005. urtean, sabaiaren zati bat erori zenean. Teilatua konpondu arte, halaxe egon zen eraikina: itxita. Hezetasun arazoei aurre egin ezinik, bost urtez izan zituen ateak itxita, baina orduan herriko biztanle batek, Diego Bermejok hain zuzen, ideia bat izan zuen. "Artista da Diego, Deustuko unibertsitateko irakaslea" azaldu du Aintzane Ruiz de Azua Andetxako bizilagunak. "Ideia asko izaten ditu, eta abila da jendea bere egitasmoetan nahasten". Bermejok  aipatu zien bizilagunei Xabier Egaña Zarauzko margolaria ezagun zuela, eta agian animatuko zela elizaren hormak margotzera.
Zarauztarrak atsegin handiz hartu zuen eskaintza, eta 2013an hasi zen elizaren sarrera margotzen. Ruiz de Azuak oso ondo gogoratzen du: "Garai horretan, Jose Azurmendi apezpikua zenari egitasmoaren berri eman genion, eta asko gustatu zitzaion. Orduan, herri osoak bat egin zuen eliza margotzearen ideiarekin, eta aldamioak paratu genituen”. Eliza hankaz gora egon zen bost urtez, baina herritarrek irekita izan zuten denbora horretan guztian,  Lanengatik irekia leloaz.
Armolako Ama
Bizitzarako margoak 2013an hasi eta 2017ra arteko epea hartu zuen. Lehendabiziko egunetik, bisita gidatuak antolatu dira; alegia, hormak margoz estaltzeko prozesu osoa begien bistan egon da. Elizaren aurpegi aldaketaren nondik norakoak oso ondo ezagutzen ditu Aintzane Ruiz de Azuak, berak gidatu baititu urte hauetan guztietan bisitak.
Elizaren ataria aukeratu zuen Xabier Egañak bere proiektu artistikoa hasteko. Bertan, kolore argitsuek eta epelek egiten diete ongietorria bisitariei (Egañaren margolanetan kolore horiak ohikoak direla azaldu du Ruiz de Azuak). Xehetasunei erreparatzen dieten horietakoak bazarete, adi! Izan ere, atariko  eszenei tentuz begiratuz gero, barruan ikusgai dagoenaren aurrerapen txiki bat ageri da, gidaren esanetan: "Armola Birjinaren prozesioa irudikatu du Egañak". Ermita txiki bat zegoen herritik 300 metrora, baina Forondako aireportua egiteko lanetan bota egin zuten. "Desagertu zen baseliza; ez, ordea, hango Ama Birjina, zeina elizaren erretaulan kontserbatzen dugun".
Auzolanaren emaitza
Jose Luis Alonso Quilchano Andexako alkatea da. Bere esanetan, "herriak egitasmoan parte hartu ez balu, ez legoke emaitzarik". Auzolanaren garrantzia behin eta berriz azpimarratu du alkateak. "Bizilagunei esker gauzatu dugu Xabier Egañaren margoen proiektua, hau da, haien laguntza ezinbestekoa izan da". Areago, Alonso Quilchanok gogora ekarri du Bizitzarako margoak proiektua ez dela izan herriak egindako bakarra azken hogei urteotan: “Adibidez, nekazaritzarako tresnak gordetzeko erabiltzen genuen biltegi handi bat erabilera anitzeko gune bihurtu dugu".
Pablo Corres herriko apaizak eliza biziberritzeko ideia egokitzat jo ote zuen  galdetuta, Aintzane Ruiz de Azua eta Jose Luis Alonso Quilchano bat datoz: indarren arteko sinergia gertatu zen. Pablo Corres, parrokoa izateaz gain, arte irakaslea izan zen bere garaian. “Pentsa! Artearekiko zaletasun handiko parrokoa, herri gisa lan egiten dakiten ekimen handiko bizilagunak eta Xabier Egañaren baietza egitasmoari".
Eserlekurik gabeko eliza
Oso kulturazaleak dira Andetxan, eta elkarlanean egindako ahaleginak mesede egin die, zentzu horretan. Hala, mezez gain, kultur egitarau oparoa ere eskaintzen da elizan. "Azken urte hauetan, ez dakit zenbat ikusle eta artista ariko ziren elizan!” dio Ruiz de Azuak. “Bankuak kendu egin ditugu, pentsa”. Eremu garbi horretan, askotariko jarduerak egiten dituzte: dantza, ipuin kontaketa, kontzertuak, antzerkiak, abesbatzak... “Denetarik antolatu dugu!".
Lekuaren erabilera ez ezik, paretak ere kulturaz jantzita daude. Elizaren barrualdean, hainbat gai jorratu ditu Xabier Egañak. "Batzuk agerikoagoak dira besteak baino" dio gidariak. Adibidez, koruan, Jesusen bizitzako hainbat pasarte irudika daitezke, hala nola Olibondoen Mendiko bakardadea, Judasek saldu zuenekoa, azken afaria edota heriotza-pizkundea. Bi aldeetako hormetan, berriz, Egañak adierazi du ongiaren eta gaizkiaren etengabeko presentzia historian.
Ruiz de Azuak, bisita gidatuak egiten dituenean, interpretatu egiten du hori guztia, baina aitortu du bisitarien iritziak jasotzea ere gustatzen zaiola. “Erlijioaz harago doa artista; oso gizatiarra da, eta hori jakin badakit". Ruiz de Azuak 1976ko martxoaren 3ko gertakariak gogora ekartzen dituzten horma irudiak ere erakusten ditu, baita emakumeen aurkako indarkeria edota migratzaileekiko krudelkeria islatzen dituzten pareta eta murruetako margoak ere. Gidak esan digu Egañak askatasun osoa eman diola margoak interpretatzeko. "Izan ere, bera azalpen gutxi ematearen aldekoa da, jendeak irakurketa bere kasa egitea gustatzen zaio".
Urteetako lana izan da Xabier Egañak Andetxako elizan egindakoa; bere bizitzako lau urte eman ditu bertan. Horregatik, 2018an, Bizitzarako margoak amaitu bezain laster,  hasperen egin eta "badago, amaitu dut"  esan zuen zarauztarrak. Ruiz de Azuaren esanetan, "hori ere hormetan utzi du islatuta: amen, aleluia!".

BISITA GIDATUAK
688899536 / 618925744
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.