“Gogoeta kolektiboa behar dugu hedabideon misioaz pentsatzeko”

soto

Gara egunkariak urtarrilean bete zituen 20 urte, baina urteurrena albiste ilun batek estali zuen, Iñaki Soto (Iruñea, 1975) zuzendariak orduantxe iragarri baitzuen kazetak hitzarmena lortu zuela Gizarte Segurantzarekin datozen bi urteotan hiru milioi euro pasako isuna ordaintzeko: Espainiako Auzitegi Nazionalak Garari leporatzen dio 1998an Garzón epailearen aginduz itxitako Eginen zorra. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zein da plana?
Harpidetzei eustea. Bi urteotan egongo da harpidetuko den jendea, diogunarekin bat etorri ez arren, uste duelako gu merkatuan egotea garrantzitsua dela prentsa askatasuna eta herri honen pluraltasuna babesteko. Diru horrekin, aurretik geneuzkan inbertsio planak ere mantendu nahi dira: irratia, tokiko telebista Iruñean... Harpidedunei eskaintzen diegu zorra bi urtean ordaintzea, ziurtatuta diru hori ez dela soilik horretarako izango. Erakutsi nahi dugu jendeak jartzen duen diruak zentzua duela kazetaritzaren, kulturaren eta eztabaida publikoaren ikuspuntutik. Emandako babesak baduela ondorio erreala, ez bakarrik gure lanpostuak salbatzeko edo eraso bati aurre egiteko, baizik eta aurrera begiratzeko eta pentsatzeko egunkari honek zer ekarpen egin behar dion herri honi fase historiko berri honetan. Atzera begira nahi gaituzte, baina guk aurrera begiratu nahi dugu.
Kanpaina hasita, nolako giroa sumatu duzue?
Espero baino hobea. Hasteko, gainerako kazetariengandik jasotako babesak harritu egin gintuen. Eta erantzuna oso indartsua izan zen: espoliazioaren ideia onartu zen, baita erasoa zela, arrazoi politikoak zeudela eta kalte egiten ziola herri honen pluraltasunari. Harpidetzak direla eta, 900 boluntario baino gehiago dabiltza gaur egun herriz herri lanean. Izugarria da, erakusten du herri honetan indarra dagoela eta gure proiektua berezia dela. Gure borondatea da politikaren eta gizartearen ardatzetan kontrola egingo duen komunikabidea egitea, beste botere batzuen mende egongo ez dena.
Nola iraun du Garak 20 urtez?
Lehenik eta behin, gure lantaldearen ahalegin ikaragarriari esker. Profesionaltasun handia erakutsi du, militantzia eta kazetaritza mota bat egiteko gogoa. Lantalde kolpatua da, baina gai da oso gutxirekin lan asko eta handiak egiteko. Benetako kazetaritza politikoa eta independentea egiten dugulako sentipena dago. Kontziente gara, adibidez, Cabacas auzian egin den justizia apurra gurean egindako lanari esker lortu dela neurri batean, familia ahaztu gabe. Ez gara superheroiak, gure lana da, baina hori hor dago. Bestalde, komunitatea egon da. Saltzen genituen egunkarien eta publizitatearen arabera gasta genezakeen. Austeritateak fama txarra du, arrazoiarekin, baina gurean funtzionatu  du: inbertitu eta proiektua aurrera atera dugu. Krisi ekonomikoa gainean, gehienek uste zuten erori egingo ginela, baina gure negozio eredua ezberdina da, betidanik: besteek batik bat publizitatetik eta promozioetatik jasotzen zuten dirua; guk, berriz, salmentetatik. Desberdinak izateak salbatu gaitu.
Herri honetan egunkariei auzolanean eutsi behar zaie...
Gogoeta kolektiboa behar dugu hedabideon misioaz pentsatzeko, zein diren gure herritarren behar komunikatibo, informatibo eta kulturalak, eta horiek nola ase. Sortu behar da informazio fidagarria eta eztabaida publikoa bermatzeko ekosistema, gure erronka historikoei aurre egiteko eta gure jendartearen kultur mailari eusteko. Izan ere, ikasketa zikloa amaitutakoan, kultur mailari eusteko dugun bitartekorik onena hedabideak dira. Kultur industria direnez, babestu egin behar dira, lehengo eskemetan erori gabe. Horrek behartzen gaitu sektoreko gogoeta egitera.
Zer da informazio fidagarria XXI. mendean?
Gure lankide batek esaten zuen irakurleak beti aurkitu behar duela egunkarian interesa sortuko dion artikulu bat gutxienez, ordaindutakoa justifikatzeko. Eman behar zaio ondo idatzia egotea, irakurlearen hizkuntz gaitasunak hobetzea, ezagutzen ez duen zerbait kontatzea, ezagutzen duen zerbaiti buruzko beste ikuspuntu bat... Ez dago formula magikorik, baina lotura bermatu behar da hedabideen eskaintzaren eta komunitatearen interesen artean. Horrek badu efektu zital bat: jendearen interesak zeren arabera aldatzen diren. Gaur egun, komunikabideok oraindik badugu eragina, eta hori babestu egin behar da, ez termino politiko partikular edo pribatuetan, baizik eta termino kultural orokorretan. Badira munduan nire ideologiarekin bat ez datozen egunkari oso onak. Esaterako, La Vanguardia monarkikoa da, espainiar batasunaren bermean sistemikoa, aristokrazia espainiarrarekin lotutako kapital izugarria duena... baina egunkari itzela da, eta ni gai naiz irakurtzeko. Horrek ez du nire pentsaera aldatuko, ez ditu nire iritziak minduko, ez nau kaltetuko... aberastu egingo nau. Hori da kazetaritza ona.
Zergatik du kazetaritzak hain ospe txarra?
Handiek min handia egin digute, suizidio kolektiboa izan da. Kioskoan euro baten truke jasotzen baduzu ehun orrialde idatzi, argazkiekin, eta, gainera, erloju bat, Realaren bufanda, Athleticen elastikoa, Osasunaren jertsea... hori ematen ez diozunean, jendeak, galdetuko du ea zer kobratu diozun. Bestea da gure lana oparitzea: talde handiek bezeroak Facebooki oparitu dizkiote, eta orain kexatu egiten dira Facebookek egiten duenaz. Negozioari dagokionez, berdin: jaitsi egin dute publizitatearen prezioa, Facebookekin lehiatzeko, baina sare sozialak ahalmen handiagoa badauka... Badago beste gezur handi bat ere: prentsa idatzia batez ere, ez da, aspalditik, masa komunikabidea. Eliteen komunikabideak izan gara, eta eliteak ez dira soilik txokorra erretzen duten gorbatadun bankariak. Gurean, elitea da Athleticeko jokalaria, AEK-ko irakaslea, auzo elkartean aritzen den pertsona... elite dira eragin berezia dutelako ingurunean. Baina zuk esaten baduzu masa komunikabidea zarela, dirulaguntza bat edo publizitatea jaso nahi duzulako, zeure buruaren kaltetan ari zara, gezurretan ari zarelako saltzen duzunaz eta zure irakurleez. Gaur egun, kazetariarena lanbide txarrenetako bat da, ez da semea edo alaba horretara bultzatzeko modukoa.
Komunikazio bulegoek ordezkatu dituzte kazetariak...
Futbol talde bat enpresa bat da, komunitatea osatzen du, eta komunikazio bulegoa behar du hori elikatzeko, baina ezin du prentsaren lana egin. Horrek berdin balio du enpresa txiki edo handietarako, ikastola edo unibertsitaterako. Teknologia berriek sortu duten pertzepzio faltsua da ez dugula komunikabiderik behar, baina orduan enpresa horien etorkizuna ere beltzagoa izango da. Logikoa denez, beren produktuen publizitatea egin behar dute, eta inork ez du sekula esango bere produktua txarra denik. Prentsak beste kontraste bat ematen du, eta haiek ere irabazten dute. Arazoa da jende gehiago dagoela prentsa bulegoetan pentsatzen guk zer ez dugun idatzi behar eurek zer esan behar duten baino. Gure erakundeetako prentsa taldeen xede nagusietako bat da guk zerbait ez argitaratzea, diskurtsoaren kontrola edukitzea. Bidaltzen dutena propaganda hutsa da, baliorik gabeko kazetaritza. Balioa du, hain zuzen, ezkutatu nahi duten horrek, ez direlako gai konfrontazio dialektikorako. Pobretu egiten dira, ez dutelako helburua lortzen; eta gizartea ere pobretzen da, gure lana zaildu eta eztabaida publikoa murriztu egiten delako. Prentsa bulegoak, eztabaidak aberasteko bitartekoak barik, kontrol ideologikorako organoak dira.
Zer duzue pentsatuta Garan euskararen inguruan etorkizunerako?
Oso autokritikoak gara: Garak ez ditu euskaldunak asetzen; eta euskaraz ez dakitenak, ulertzen ez duten astekari oso bat ordaintzeaz gain, egunero geratzen dira beraientzat interesgarriak izan litezkeen berriak irakurri ezinik. Politika publikoei dagokienez, oraintxe erabaki da daukagun euskarazko egunkari bakarrak aparteko politika bat merezi duela. Erabat ados: Berriaren finantzaketa berezia jauzi kualitatiboa da, baina ez dago inolako adostasunik  besteak euskalduntzeko. Halere, Garak euskararekin zer egingo duen hausnartzeaz gain, pentsatu behar dugu zer egingo duen euskarak hemen gehien irakurtzen diren egunkariekin, edo EITBrekin. Ez da erabat bidezkoa gure gainean jartzea beste inoren gainean jartzen ez diren ardurak. Guri zorrotzago begiratzen zaigu, eta ez naiz kexatzen, euskaldunak garelako, euskararen alde gaudelako eta konpromiso bat dugulako, baina horrek ez du balio besteen ardurak gainetik kentzeko. Euskalgintzak pentsatu behar du zer egin komunikabideekin, eta hori ez da bat babestea, beste bat kritikatzea eta besteak kontuan ez hartzea. Eta administrazioak ere erabaki behar du zer egin euskararekin komunikabideetan. Guk ahal duguna egingo dugu, baina ezin dugu bihartik etzira Gara soilik euskaraz atera. Horren ondorioa litzateke hiru hilean Berriak arazoak izatea; eta sei hilera, geuk ere bai. Koherentzia eta bake moralaren izenean, gero konpontzeko oso zaila izan litekeen kaltea eragingo genuke. Arduraz jokatu behar da.
Zer egiten du zure moduko filosofo batek egunkari bat zuzentzen?
Tesia egiten ari nintzen, nazionalismoaren etikari buruz, Montenegroko erreferendumaren garaian, eta Gararen korrespontsal joan nintzen. Ondoren, bertan aritzea eskaini zidaten, iritzi sailean. Duela 8 urte zuzendaritza hartzea ohorea izan zen. Ardura handia izan da, kalteak izan ditu nire bizitzan, baina zorte handia ere izan da: aukera eduki dut, 33 urterekin hasita, bigarren ofizioa ikasteko. Gainera, ez nituenez ezagutzen kazetaritzaren “lege sakratuak”, horiek hausteko aukera gehiago izan dut. Gure ofizioan beharrezkoa zen “hori ezin da egin” aginduari ez ikusiarena egingo zion jendearen ekarpena. Ikasi dut badaudela egin ezin direnak, baina uste dut nire ekarpena izan dela beste ikuspuntu bat edukitzea.

Kolkotik  

Bihar Gararen azalean jarri nahiko zenukeen albistea?
Azken preso politikoa kartzelatik atera da.
Egunkari bat?
The Guardian gustatzen zait asko.
Irrati bat?
Euskadi Irratia.
Telebista bat?
TV3.
Sare sozial bat?
Instagram. Ez dut erabiltzen, baina izugarri gustatzen zait.
Zerk eragiten dizu barre?
Umore ona daukan jendeak.
Zerk ematen dizu beldurra?
Familiak sufritzeak.
Zerk lotsatzen zaitu?
Asmatu ez izanak.
Zerk ematen dizu amorrua?
Injustiziak.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Azkeneko zortziak ikusita, kostatuko zait 20 urte barru bizirik egotea, kar-kar!
Zer liburu duzu mesanotxean?
Rise, Liam Young-ena.
Autoa gidatzen, irratia ala musika?
Boladaka, baina irratia gehienbat.
Bizitzako plazer txiki bat?
Zerbeza.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Ogia.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Ideiarik ez, baina Luis Arconada nuen idolo.
Zer ez duzu izan nahi orain?
Astuna, kar-kar!
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Mundu oso bat irekitzen dizu, eta mundu hori libreagoa da.
Bi hitzetan, nolakoa da Iñaki Soto?
Obsesiboa eta ez hain serioa.