Kalea bete umore Leioan

leioa

Hogei urte beteko ditu aurten Leioako Umore Azokak, kale arteen Euskal Herriko azoka nagusiak, eta egitarau oparoa osatuta ospatuko du. Maiatzaren 16tik 19ra, guztira, Euskal Herriko eta nazioarteko 49 konpainien lanak ikusi ahal izango dira, horietatik 19 erabateko estreinaldiak. Estreinaldi horietatik 15 euskal taldeei dagozkie. Orotara, 19 izango dira azokan parte hartuko duten euskal taldeak: Demode Quartet, Goitibera, Organik Dantza Antzerki, Trapu Zaharra, Toni La Sal... Leioako kaleetan prestatutako 13 guneetan eskainiko dituzte lanak, eta, ohi denez, diziplina ugaritakoak izango dira: antzerkia, zirkua, dantza, magia, musika... Emanaldiez gain, eta Azoka sektoreko profesionalen topagune den heinean, profesionalei zuzendutako jarduerak ere izango dira. Egitaraua http://www.umoreazoka.org atarian dago kontsultagai.


ekinetajokaEHAZE antzerkizale elkarteak Ekin eta joka: azken ikerketak euskal teatroaz liburua argitaratu zuen urte hasieran, azken urteetan euskal antzerkiari buruz egin diren sei ikerlan edo ikerbideren laburpenak jasotzen dituen liburua, haiei testuinguru historikoa jarri dieten hitzaurrearekin eta hitz-ostearekin batera. Guztira, Amaia Alvarez Uriak koordinatuta, zortzi lagunen gogoetak biltzen ditu lanak: Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria bera, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverde. Liburua abiapuntu hartuta, azken asteetan aurkezpen-solasaldi bana egin dute Bilbon eta Gasteizen, eta maiatzean beste hitzordu bat izango da, Donostian: hilaren 13an, 19:00etan, Euskal teatroa eta etorkizuna: zeintzuk dira euskarazko teatroaren garapenerako erronkak? izenburupean, Idoia Gereñu eta Karlos del Olmo egileak eta Oier Guillan EHAZEko kide, idazle eta aktorea ariko dira solasean Tobacco Days liburudendan.

 

 

LABURREAN

MAIATZAREN 16tik 19ra egingo da Hendaian 35. Antzerkiaren Maiatza jaialdia. Aurten, 20 konpainia baino gehiagok parte hartuko dute, eta euskal talderik ere ez da faltako. Hala, besteren artean, Deabru Beltzak taldearen Su á Feu, Tanttaka konpainiaren Muxua, Eflirkoa Kolektiboaren Echos, Philippe Albor&Maialen Alfaroren Izarren hautsa eta Compagine Branca-ren Branca ikusi ahal izango dira. Diziplina anitzetako emanaldiekin batera, ikastaroak, musika emanaldiak eta erakusketa bat ere jaso ditu egitarauak.

FANT Bilboko 25. Zinemaldi Fantastikoa maiatzaren 2tik 11ra izango da. Aurten nazioarteko 18 film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean, eta 20 FANT Laburrean sailean. Azken horretan euskal zinemaegileek egindako 10 lan eskainiko dituzte. Bestalde, aurten, hiru zinemagile omenduko dituzte: Fred Dekker AEBetako gidoilari eta zuzendariari eta Juan Antonio Garcia Bayona zuzendari katalanari Izar Fantastikoa saria emango diete; eta Guillermo Fernandez de Oliveira galiziarrak Fantrobia Saria jasoko du. Jack Taylor (Oregon, AEB, 1936) izenez ezaguna zen George Brown Randal antzezlea ere omenduko dute, hari Ohorezko FANT saria emanda.

IAZKO biraren arrakastaren ondoren, Gure Zirkuak, lehen zirku ibiltari euskaldunak, beste bira bat hasiko du maiatzean. Aurten ere, Euskal Herrian barrena ibiliko da, eta iaz bisitatu ez zituen herrietara iristeko ahalegina egingo du. Lehen hiru hitzorduak jada finkatu ditu: maiatzaren 3tik 12ra, Oiartzunen izango da; 17tik 26ra, Berrizen; eta maiatzaren 31tik ekainaren 15era, Gasteizen. Ondoren, leku gehiagotan izango da, baina adi ibili sarrerak eskuratzeko, iaz emanaldi guztietan agortu egin ziren eta.