Kaixo eta agur

drumkoptersDRUMKOPTERS
Drumkopters
(Egilea editore, 2018)

Pena da Drumkopters Zarauzko taldea disko kutunen txoko honetara orain arte ekarri ez izana. Pena, iruzkin honen argitaratzeak taldearen desagertzearekin bat egin duelako: bira labur bat egin ondoren, agur esan ziguten joan den martxoan. Baina inoiz ez da berandu disko fresko eta kitzikagarri hau gomendatzeko. Erresuma Batuko after-punk erritmiko eta minimalistatik edaten du Zarauzko taldeak: The Slits da burura datorren lehenengo erreferentzia, Drumkopters ere, talde ingelesa bezala, hiru neskak osatzen dutelako, baina The Pop Group, Gang Of Four, The Raincoats eta antzeko taldeak ere aipa genitzake. Oso abesti erritmikoak dira Drumkoptersenak, baxuaren doinuetan oinarrituak, jauzilariak eta berezko indarra dutenak, distortsioaren behar handirik gabe. Horri gehitzen badizkiogu diseinu polita, letra interesgarriak eta riot grrrl espiritu feminista eta matxinoa, emaitza esku artean dugun diskoa da.
Gotzon Hermosilla