Usopop Festibalak 10 urte beteko ditu aurten

usopop

Usopop Festibala 10. ediziora iritsiko da hil honen azken asteburuan. Etxalar eta Sara artean, Lizarrietako mendian egiten den jaialdiaren historia oroitzapenak gogoratuz, baina nostalgiarik gabe, ospatu nahi dute antolatzaileek: “Gure lehen aldi inkontzientea, buruhauste ttipiak eta euforia momentu goxoak” gogora ekarriz, alegia. Izan ere, uste dute “zahartzeaz batera, Usopop edertu” egin dela, eta “hasierako energiari adinaren zuhurtzia erantsi” diote bi eguneko “urtebetetze besta” antolatzeko Lizarrietako kaskoan. “Harrigarria” iruditzen zaie antolatzaileei egun bateko ekimen moduan sortu zena 10. ediziora heltzea, baina Usopop “osasuntsu” dagoela egiaztatu dute. Hala, aitortu dute edizio honek kapitulu bat itxiko duela, baina bertze zerbaiten hasiera markatuko duela. Horretarako, maiatzaren 25ean, Asile Club, Efrim Manuel Menuck, Joseba Irazoki eta lagunak, Lisabö eta Lysistrata izango dira kontzertuan; 26an, berriz, Anari, Lankum, Madeleine eta This Is The Kit.


nabilETER izena du Nabil taldearen disko berriak. Halere, berri-berria baino, aurreko laurak biltzen dituela esan daiteke: Bere begiei, Egunsenti bat lez, Oroimenen mosaikoa eta Ordu kiskaliak. Izan ere, disko bakoitzeko hiru abesti grabatu dituzte berriro, taldekoak ez diren 18 musikariren laguntzaz, Keu Agirretxea eta Jon Basaguren tartean. Kantu bakoitzak bere arimari eusten dion arren, grabaketak modu desberdinean egin dituzte, eta hainbat generotara jo dute guztiei 180 graduko bira emateko: rocka, bossa nova, folka, metala, elektronika… Sarean jarri dute entzungai lana, eta bandcamp gunean deskarga daiteke, doan. Zuzenean ikusteko aukera ere bada: Iruñean (maiatzak 22), Lekeition (ekainak 1) eta Amorotoko Oletan (ekainak 8).

mconakGURE NAUFRAGIOAK
McOnak
Mauka, 2018

Erritmo biziz josita, hamar abestiz osatutako diskoa osatu dute bizkaitarrek. Biolina, banjoa, mandolina, trikitia... erabiliz, Irlandako musika tradizionalak, folkak, punkak, country ukituek eta rock doinuek dantzarako gogoa pizten dute lehen akordea entzuteaz batera. Hitzei dago- kienez, egunerokotasunarekin lotutako gaiak: adierazpen askatasuna, Mozal Legea, etorkinak, genero berdintasuna... Musika eta hitzak guztiak dira taldekideenak, Mundu aldrebesa (Xabat Galletebeitia) eta Nere Kalifornian (Amets Arzallus) abestien berbak izan ezik.

hibaiAGIAN BIHAR
Hibai
Gaztelupeko Hotsak, 2018

Oiartzungo Mecca estudioan grabaturiko bi abesti berri eta lau kantu akustiko bildu ditu Hibaik lan honetan, aurreko diskoan ere lagundu zioten musikariekin batera: Ander Garcia (baxu elektrikoa), Carlos Sagi (bateria), Iraide Ansorena (perkusioa) eta Henar Rodriguez (Hammond organoa eta pianoa). Aurrekoan bezala, hainbat musika eragin eta joera islatu ditu gernikarrak. Diskoari izena ematen dion abestia, kasu, melodian Bruce Springsteenen nolabaiteko oihartzuna dakarren tenpo ertaineko pop-rock kantua da, zeinetan Gotzon Ereñoren gitarra lana nabarmentzen den.