Bihotzean daramagun mundua

bihotzeanMaite Darceles
Alberdania, 2019

C1

Bazara gai imajinatzeko nolakoa izango den gure jendartea hemendik urte batzuetara, ez ehun urtera edo, baizik eta hamarkada pare batera? Eta irudika dezakezu nola begiratuko diogun orduan, bizirik egonez gero, jakina, oraingo honi? Nola egingo diguten so, nola aztertuko gaituzten, edota epaitu, etorkizuneko gazteek, hauxe ezagutu ez dutenek? Gu baino hobeto egongo al dira?
Agian, sekula ez zara jarri horretan pentsatzen, zertarako. Beharbada, irudimentsu halakoak, denetariko aurrerapenak nahiz hondamendiak marraztu dituzu zure buruan... Bada, esan daiteke Maite Darceles bigarren multzo horretakoa dela, imajinazioa askatzen dutenetakoa; baina esan daiteke, halaber, eta honexek eragiten du ezinegona liburua irakurtzean, irudikeriatan hasita zorrotz-zorrotza dela, transmititzen duela, nola esan... "mundua horixe izango da" ziurtasuna.
Lorea gazteak Helene heldua ezagutuko du, gazte "beste garai batean" izandakoa, eta bizitza aldatuko dio bigarrenak lehenengoari; horrek, eta jakin-minak. Mina eragingo dio, hain zuzen, bizi duen munduaren nolakotasunaz jabetzeak, eta mina, era berean, izan zenaren (alegia, geure honen) bestelakotasunak, bai eta haren ia arrastorik ezak ere.
Zer hautatuko zenuke zuk: jakin-mina eta hura asetzeak ekar dezakeen mina ito, ala jakin-minari eta hura asetzeak dakarren baretasun agian mingarriari bide eman? Zer daramazu zuk bihotzean?
Usoa Alberdi