Miel A. Elustondo

elustondoObabakoak, Bernardo Atxaga
Obabakoak baino lehen, han eta hemen irakurriak nituen liburuak dakartzan zenbait ipuin: Frantzisko Javier, Post Tenebras spero lucem, Camilo Lizardiā€¦ Haiek berriro irakurtzea plazer hutsa izan zen orduan, eta zoragarria da oraindik ere, baina haiek denak, eta testu gehiago, liburu batean bildurik irakurtzea zirraragarria izan zen. Sentipen ahaztezina.
Bidean ikasia, Arantxa Urretabizkaia
Hondarribiko alardearen gainean idazleak egindako kronika, gogoeta eta kontakizuna ikaragarria da. Latza da idazleak kontatzen duena, lotsagarria gure agintari goikoenen jarrera. Gezurra da emakumeen kontrako tratu txar hauek gerta daitezen uzten duen sistema demokratikoa. Beldurgarria iruditu zitzaidan egoera; Arantxa Urretabizkaiak inoiz idatzi duen lanik onena, berriz, Bidean ikasia.
Guardasola ahantzia, Koldo Izagirre
Nire gusturako, ez dago Koldo Izagirrek bezain artista idazten duen idazlerik. Ikaskizun zaizkit haren testu guztiak, izan olerki, izan narrazio luze-laburrak, hitzaldiak, gidoiak, itzulpenakā€¦ Gozatzeko ez ezik, ikasteko ere jotzen dut haren liburuetara. Guardasola ahantzia aipatu dut huraxe irakurri niolako lehenik, baina haren lan guztiak nituzke nire biblioteka hautatuan.